Astelehenean zabalduko da zezen plazako palkoen zozketan izena emateko epea

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko otsailaren 7a

Asteazkena bitarte egongo da zabalik izen-ematea, eta ostegunean egingo da zozketa. Zezen plazarako sarrerak, berriz, otsailaren 18an jarriko dira salgai sarean.

Tolosako Udalak datorren astelehenean, otsailak 11, zabalduko du zezen-festetarako palkoen zozketan izena emateko epea. Asteazkena bitarte, otsailak 13, egongo da zabalik, kultur etxean, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Zozketa ostegunean egingo da, arratsaldeko 18:00etan, Tolosako Kultur Etxeko Areto Nagusian. Behin zozketako emaitzak jakinda, otsailaren 14an edo 15ean Kultur Etxetik pasa beharko da, norberaren NAN-arekin, sarrerak hartzera eta ordaintzera.
 
Zozketan parte hartzeko beharrezkoa da 12 lagunez osatutako taldearen zerrenda betetzea ondorengo datuekin: izena-abizenak eta NAN zenbakia. Bete beharreko eskaera orria, Kultur Etxean egoteaz gainera, sarean ere eskuragarri dago, www.tolosa.eus webgunean.
 
Zerrenda desberdinetan izen bera azalduz gero edo aukera berdintasunaren kontrako jarreraren bat nabarmenduz gero, zerrenda guzti horiek zozketatik kanpo geratuko dira. Zatiezinak dira, eta 30 euroko kostua dute (2,5 euro pertsonako). Egun bakoitzeko palko bakarra eskuratu ahal izango da eta gehienez hiru egunetan.
 
Zezen plazarako sarrerak otsailaren 18an jarriko dira salgai sarean. Honen inguruko informazioa aurrerago zabalduko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!