Familia Elkargune berria inauguratu dute Tolosan

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko ots. 7a, 19:57

Adingabe eta gurasoen arteko bisita eta harreman seguruak bermatzen dituzte zentro horiek; orain arte, Donostiakoa zen erreferentziazkoa.

Tolosako Udalak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, Familien Elkargunea inauguratu zuen, atzo. Olatz Peon alkatea eta Maria Jesus San Jose Lan eta Justizia Silburua izan ziren, besteak beste. Gune berriak gatazka egoeraren bat bizi duten eskualdeko udalerrietako familiei eskainiko die zerbitzua. «Gizartearekin dugun konpromisoari erantzun bat eman beharra» ikusten zuten bi alderdiek. Familia Elkargunea, Rondilla Kalean dago, Eduardo Mocoroa Musika Eskolaren Gorosabel eraikineko beheko solairuan.

«Oso pozik» azaldu zen Peon: «Hilabeteetako lanari amaiera ematea lortu dugu». Kasu konkretu batetik abiatuta, behar bat zegoela jabetu zen udala. Egoera zaila eta arriskutsua izan arren, interesa azaldu, eta esku hartzea erabaki zuten: «Epaitegira jo eta eskualdean zenbat kasu dauden jakin ondoren, arazo bati aurre egin behar geniola ohartu ginen, eta zerbitzu horrek zein helburu izan beharko lituzkeen pentsatzeari ekin genion». Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailarekin harremanetan jarri zen Udala.

Tolosan ireki berri duten zentroari forma eman aurretik, udal ordezkaritza batek hainbat elkargune bisitatu zituen. Gerora, zerbitzua aurrera eramaten lagundu duten eragileekin bilerak izan zituzten, baita protokolo mahaia osatu duten erakunde desberdinekin ere.

Bide horretan, udaleko bi sailek hartu dute parte: Gizarte Zerbitzuen Sailak eta Berdintasun Sailak. Zerbitzu berriaren onuradunak, berriz, «Tolosako herritarrak soilik ez, Tolosako auzitegi barrutiko familiak izango dira, eskualdetik harago», azaldu zuen alkateak. Zerbitzua jaurlaritzak eramango du aurrera, eta udalak baliabideak soilik jarriko ditu. Alkateak eskerrak eman nahi izan zizkion San Joseri, «parte hartzeagatik, eta emandako erraztasunagatik».

8 ELKARGUNE ETA 800 FAMILIA

Agintaldiaren aurretik, «Familia Elkarguneen zerbitzua zabaltzea» zen Maria Jesus San Joseren helburu nagusietako bat: «Sortzen diren egoera deserosoak ekidin eta erabiltzaileei erraztasunak ematea ezinbestekoa zen». Duela bi urte, 5 Familia Elkargune zeuden EAEn; orain, berriz, 8 dira. 800 familiari baino gehiagori, eta 3 eta 11 urte bitarteko 1.150 haur ingururi eskaintzen diete arreta. Orain, agintaldiaren erdialdean daudela ikusita, zentro gehiago irekitzeko asmoa dutela azaldu du San Josek, «lehentasuna Gipuzkoako herriei» emanez.

Sinatutako hitzarmenak dioenez, Eusko Jaurlaritzak adingabeei bermatzen die, guraso, tutore edota familiako kideekin harremanak mantentzea. Bestetik, bisita-erregimenen barruan, adingabearen segurtasuna eta ongizatea ere bermatzen ditu, baita horiek askatasunez eta beldurrik gabe haien sentimendu eta premiak adieraztea ere. Azkenik, proiektuak harremanen bilakaerari buruzko informazio fidagarria eta objektiboa eskainiko du, eta guraso edo tutoreak prestatuko ditu, «adingabeak errespetuan, berdintasunean eta bizikidetzan» hezi ditzaten.

Zentroak ez du ordutegi finkorik izango eta, erabilera, eskaeren araberakoa eta doakoa izango da, segurtasun-berme guztiak eskainiz. Bertako arduradunak aditu eta profesionalak izango dira. «Gune horien izaera aldizkakoa izatea nahi dugu, haurren eta gurasoen arteko harremanak familien artean bideratzea baita helburua».

Gaur egun, 29 familiak eta 39 adingabek Donostiako Familia Elkargunera bertaratu behar izaten dute, trukeak eta tutoretzapeko bisitak egin ahal izateko. Aurrerantzean, Tolosako instalazioak erabiltzeko aukera izango dute. «Oso garrantzitsua da herritarrengandik gertu egotea», azpimarratu zuen Peonek. Gainera, aurrera begira, inguruko herrietako familiek ere erabili ahal izango dute Tolosan inauguratutako Familia Elkargune berria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!