50 urte Naranjon hil zirela

Joxemi Saizar 2019ko ots. 3a, 10:59

1969ko otsaila zen, Ramon Ortiz tolosarra eta Patxi Berrio donostiarra Bulneseko (Asturias) Naranjo mendia eskalatzen hil zirenean; egun berberetan antolatu zuen, Alpino Uzturre taldeak, Espainiako eski txapelketa, Aralarren

Duela 50 urte, egunotan, bi gertakari garrantzitsu izan ziren, Tolosako mendizaleen artean. Alde batetik, Patxi Berrio Hernaiz eta Ramon Ortiz Aranzasti hil ziren Naranjo mendia eskalatzen eta, bestetik, Alpino Uzturre elkarteak Espainiako Eski Txapelketa antolatu zuen Candanchun (Huesca). Oihartzun zabala izan zuten bi ekitaldiek garaiko prentsan. Apustu gogorra egin zuten. eta bat ez zen ondo bukatu.

Tolosan eskalatzaile dezente zeuden garai hartan, Oargi eta Alpino Uzturre mendi elkarteetan bilduta. Eta maila ona zegoela esan behar da. Inguruko mendietan aritzen ziren eskalatzen: Txindoki, Zazpi iturri, Santa Barbara, Bihaizpe, Atxarte, Etxauri, Egino… Baina Pirinioetara (Tozal, Couloir de Gaube) eta Alpeetara (Cervino) ere iritsi ziren batzuk. Material gehiena eskuz egiten zuten, eskalatzaileek beraiek. Mikel Arrastoa zen Alpino Uzturreko bultzatzaile nagusia, eta gazteei erakusten aritu zena. Maila oso ona lortu zuten hiru eskalatzaile izan zituen ikasle: Martin Zabaleta hernaniarra (Everest igo zuena), Patxi Berrio donostiarra eta Joxe Urbieta Takolo azpeitiarra.

Alpino Uzturren bertan, beste jende askori ere erakutsi zion Arrastoak: Felix Etxeberria, Iñaki Sagredo, Agustin Piti Bidaurreta, Santi Arrospide, Jesus Mari Oiarbide, Javier Miralles, Miguel Angel Bermudez, Tatxuela Navas, Fernando Llanos, Patxi Larramendi, Bautista Urkizar… Eta, Oargi elkartean, Jaito Azpiroz, Iñaki Marcos, Tobes, Luis Mari Pitxi Sagredo, Alberto Ibaiondo nahiz Bittor Olano aritzen ziren.

 

 

Zuhurra eta fina

Patxi Berrio donostiarra zen, baina Alpino Uzturreko bazkidea zen, Alberto Tito Caceres laguna bezala; bertako kuadrillarekin ibiltzen zen. Han ezagutu zuen, gero emazte izango zuen Marian Zabala tolosarra. Berriok aspalditik zuen Naranjoko mendebaleko aurpegia eskalatzeko asmoa baina, hainbat arrazoirengatik, ez zuen lagunik aurkitu, bati eta besteari proposatu arren: Iñaki Sagredo, Pako Sorrondegi, Alberto Tito Caceres, Mikel Arrastoa...

«Patxi oso zuhurra zen eskalatzen, pertsona serioa. 'Usoak bezala xume, sugeak bezala zuhur' esaten zigun beti», dio Felix Etxeberria lagunak. Antxon Bandres zenak finezia eta modernitatea hitzak erabiltzen zituen, Berrio definitzeko; garai hartako joeratik desberdintasuna markatzen zuena izan zen.

«Patxi oso ondo moldatzen zen Mikel Arrastoarekin, elkarrekin asko ibili ziren. Patxi oso zorrotza eta segurua zen, gauzak ondo egitea gustatzen zitzaion. Urrian joatea proposatu zidan, baina euri garaia iritsi zen. Abendurako utzi genuen eta, orduan ere, eguraldiak atzera bota zuen asmoa. Gero urtarrilaren amaieran egitea proposatu zidan, baina eski txapelketan parte hartu nahi nuen, eta ezezkoa eman nion», dio Javier Miralles ordiziarrak.

Lagunek motxilak aurkitu zituzten, lehendabizi, mendiaren magalean eta, hurrengo egunean, bi gorpuak ikusi zituzten, horman, zintzilik

 



Ramon Ortiz tolosarra Oargiko lehendakaria zen, eta bertako lagunekin ibiltzen zen, mendian eta eskalatzen. Ramon Ortizek Jaito Azpiroz zuen soka-lagun: «Urte hartan asko ibili ginen elkarrekin. Nik lana nuen eta horregatik ez nintzen joan. Zortea izan nuen», dio Azpirozek. Berriok eta Ortizek elkarrekin ez zuten sekula eskalatu, baina maila handia lortu zuten inguruko mendiak eta Pirinioetakoak eskalatzen. Elkarrekin joan ziren Bulneseko Naranjoa edo Urriellu mendiak, lehen aldiz, mendebaldeko aurpegitik, neguan eskalatzeko asmoz. Berriok 33 urte zituen eta, Ortizek, 24.

Arrastoak gomendatu zion, Berriori, Ramonen izena. Asturiasera eskalatzera zihoazela esan zuen etxean, xehetasun gehiagorik gabe: «Orduan ez genuen hainbeste ezagutza», azaldu du Ramoni Ortizek, bere arrebak. «Kalean agurtu nuen Ramon; Sasietak oparitutako txanoa utzi nion, eta zortea izateko esan. Arrastoak plumiferoa utzi zion», ekarri du gogora Iñaki Sagredok.

Desagerpenaren abisua

Rabadak eta Navarrok ireki zuten Naranjoko bide hori, mendebaleko aurpegitik, 1962ko udan. Baina neguan inork ez zuen igo artean, Berriorena eta Ortizena izan zen lehen saioa. 1969ko urtarrilaren 28an abiatu ziren Bulnes aldera. Gaua Bulnes herrian igaro zuten, alkatearen etxean, eta, hurrengo egunean, Urrielluko aterpera igo ziren. Urtarrilaren 30ean abiatu ziren tontorrera, aterpeko liburuan idatzita utzi ondoren. Hurrengo gauean eguraldiak txarrera egin zuen. Normalean, hiru egun eta bi gau behar izango zituzten igotzeko, baina, argi ordu gutxi zeuden, urte garai horretan azkar iluntzen duelako. Igandean itzultzekoak ziren, otsailaren 2an, eta lagunak kezkatu egin ziren. Bulneseko alkateak desagerpenaren abisua eman zion Guardia Zibilari.

Tolosako eta Donostiako lagun eskalatzaileak hara bertaratu ziren; lehenak, Sorrondegi eta Lusarreta donostiarrak, Euskal Herriko beste hainbat lekutako eta estatuko mendizaleekin batera. Tolosatik, Azpiroz, Sagredo, Bittor Olano, Pelu Garcia, Javier Moreno, Mikel Arrastoa Candanchutik, Espainiako Eski Txapelketa antolatzen ari baitzen eta beste batzuk joan ziren. Guztira, 25 pertsonak hartu zuten parte erreskatean, baina, otsailaren 5ean, desagerpenaren albistea zabaldu zen prentsan. Lehendabizi motxilak aurkitu zituzten, mendiaren magalean eta, hurrengo egunean, eguraldia hobetu eta bi gorpuak ikusi zituzten, horman, sokatik zintzilik.

«Helikopteroz igo ginen hegoaldeko oinarrira, Naranjori buelta eman, eta bi gorpuak zintzilik ikusi genituen. Sentsazio oso gogorra, hotza, izan zen, inork ez zuen ezer esan», oroitu du Mirallesek. Hurrengo egunetan erreskate lanetan aritu ziren lagunak: «Gailurrera igotzen saiatu ginen, handik gorpuak helikopteroz eramateko, baina ezinezkoa izan zen, eta soka mozteko aukera indarra hartzen hasi zen. Bi egunez horrela aritu eta gero, soka moztea erabaki genuen, eta oinarrira erori ziren. Arrastoak identifikatu zituen gorpuak», dio Mirallesek. Azpirozek, berriz, Javier Morenok identifikatu zituela dio.

Bazirudien gailurrerako metro gutxi falta zituztela edo, tontorretik bueltan zetozela, finkatutako egurrezko tako bat libratu udan Bilboko mendizale batek jarria, eta horregatik erori zela bietako bat, bestea arrastaka eramanez. Autopsiak esan zuen burezurraren oinarrian hartutako kolpe batengatik hil zirela. Gerora, Espainiako Mendi Federazioak neguko lehen igoera bezala homologatu zuen. «Garai hartan euskal eskalatzaileak ez zeuden federatuta, 1967an Andeetako espedizioan ikurrina ateratzeagatik izan zituzten istiluengatik txartelak hautsi eta baja eman zutelako. Hala ere, Espainiako federazioak lagundu zuen erreskatean. Ordurako telebistan ospetsu egin zen Cesar Perez de Tudela ere han zen», kontatu du Tito Caceresek.

Oihartzun handia

Esan bezala, egunkarietan eta telebistan oihartzuna izan zuen albisteak, eta zeresan handia eman zuen herrian. Hain justu hiru urte lehenago, 1966ko urtarrilaren 30ean, Angel Etxedona hil zen Etxauriko Huson, rapelatzen, 19 urte zituela. Berarekin joan zen Felix Etxeberria, eta orduan «esperientzia gutxi» zutela onartzen du.

«Arrastoa etorri zen etxera, berri txarra ematera eta, geroztik, beti gogoratzen du, amak semea kendu izana leporatu ziola; berak atera omen zuen etxetik», aipatu du Ramoni Ortizek. «Bi lagunen heriotzarekin pixka bat ikaratu ginen hemengo eskalatzaileok», dio Iñaki Sagredok. Hileta elizkizunak Donostian eta Tolosako Santa Maria parrokietan egin zituzten, otsailaren 10ean, eguerdian eta, arratsalde hartan bertan, bien aldeko meza izan zen Tolosako parrokian; Euskal Herriko hainbat mendizale eta eskalatzaile bertaratu zen hitzordura.

Handik aste gutxira, martxoaren 30ean, Patxi Berriok Naranjon ateratako diapositibekin emanaldi bat prestatu zuten Leidor zineman, eta beste antzoki batzuetan ere eskaini zuten. Laguntza bono batzuk ere atera zituzten egindako gastuak estaltzeko, eta futbol partidua ere egin omen zuten, familien alde.

Bide beretik, Urraki mendian buzoi bat jarri zuten eta, istripuaren 25. urteurrenean, 1994ean, bi elkarteek irteera antolatu zuten Naranjora; plaka jarri eta meza egin zuten. Gerora, Uzturren ere buzoia jarri zuten.

Erlazionatuak

Eski txapelketak

Joxemi Saizar 2019 ots 03 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!