Eski txapelketak

Joxemi Saizar 2019ko ots. 3a, 10:59

Espainiako Iraupen Eski Txapelketa, 1969an. Tartean: Jose Sasieta, Jose Luis Lekuona, Jose Ignacio Zuriarrain, Sabiru Aranburu eta Agustin Bidaurreta tolosarrak.

Bulneseko igoera saiakerarekin bat egin zuen, Alpino Uzturre taldeak Espainiako eski txapelketa Aralarren antolatu zuenekoak; elur faltagatik, ordea, Candanchun izan zen lehia

Duela bost hamarkada, Aralarren, neguko ia asteburu guztietan elurra izaten zenez, iraupen eskiak ere indar handia zuen Tolosaldean. Alor horretan ere irteera eta txapelketa ugari antolatzen zituzten herriko bi mendi elkarteek. Horien artean nabarmenena, Alpino Uzturrek euskal federazioarekin batera 1969an antolatutako Espainiako Txapelketa izan zen. Aralarren egitekoa zen, otsailaren 5etik 9ra, baina, otsailaren 1ean elurrik ez zegoenez, Candanchura aldatzea erabaki zuten. Txapelketa hasi bezperan bota omen zuen elurtea Aralarren. Beranduegi.

18 infantil, 32 junior eta 84 senior izan ziren parte hartzen, Andaluzia, Aragoi, Asturias-Leon, Kantabria, Gaztela, Katalunia eta Euskal Herriko federazioettik; Guardia Zibil batzuk ere izan ziren parte hartzaile. Aurkezpena, entrenamenduak, probak, desfilea, bazkaria eta amaiera ekitaldia izan ziren. Tolosarren artean Alpinoko Jose Luis Gorri Lekuona aipatu behar da bereziki: aurreko urtean bezala, irabazle izan zen, hiritarren mailan, 30 kilometroko proban eta, 15 kilometrokoan, bigarren hiritarren mailan.

Alpinoko eskiatzaile hauek ere izan ziren euskal selekzioarekin: Antonio Lobo, Juan Antonio Laredo, Mariano Arrazola eta Jose Antonio Gorostidi jubenila. Arrazolak Suediako Vassa proban parte hartu zuen aurreko urtean. Lobo Espainiako selekzioko kidea zen eta Insbruck-eko Universiadan izana zen eta, Laredo eta Lekuonarekin batera, Espainiako txapelduna izan zen erreleboetan, 1968an. Urte hartan ez zuten zorterik izan, emaitza kaskarragoak lortuz. Beren kabuz joandako beste tolosar batzuk ere izan ziren: Jose German Gimenez juniorra, Francisco Tuduri eta Sabino Aranburu. Asturias-Leoneko Alfredo Valbuenak irabazi zituen bi proba nagusiak.

Antolaketa lanetan, Jose Sasieta izan zen zuzendaria. Kronometrarien burua Francisco Aizpurua izan zen, eta Mikel Arrastoa materialarena; kontroletan, berriz, Periko Txipia Agirre aritu zen. Marrubi taldea, berriz, Jose Ignacio Koeti Zuriarrain, Agustin Piti Bidaurreta, Patxi Larramendi, Garbiñe Zabala, Lukas Mendikute hainbat lanetan aritu zen. Txapelketako azken egunean eguzkia izan zen, eta ikusle ugari bildu zen. Antolakuntza hura erronka handia izan zen, baina, azpimarratzeko da, ondo atera zela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!