Lucas Ugarte Plaza Tolosara ekartzeko eskaera onartu dute

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko urt. 31a, 09:04

Tolosako Udalak urtarrileko osoko bilkuran onartu du mozioa, ondoren, eskaria Espainiako Gobernuari bidaltzeko; gai gehiagoren inguruan ere aritu ziren.

Urteko lehen osoko bilkura izan zen, herenegun, Tolosako Udalean, eta Lucas Ugarte Plaza tolosarren gorpua Erorien Haranetik jaioterrira lekualdatzeko eskaera izan zen gai nagusia: aho batez onartu zuten.

Mozioa hiru udal taldeek aurkeztu zuten, eta Peio Etxabe EH Bilduko zinegotziak irakurri zuen. Udalak Espainiako Gobernuari egin dion eskaera dela eta, Lucasen gorpuzkinak bueltan ekartzeko Ugarte Plaza familiari laguntzea babestu zuen, eta alkateari beharrezkoak diren agiriak sinatzeko baimena eman zioten. Alderdi guztiek elkartasun hitzak izan zituzten familiarentzat.

Ondoren, familiako kideek hartu zuten hitza, emozioz beteta. «Lucas ez zen norbanako bat izan, herrian oso sartuta zegoen familia langile bateko kidea baizik» adierazi zuen bere iloba Karmele Ugartek. Gainera, senide guztiek esker hitzak izan zituzten, udal ordezkarientzat, eskainitako babesagatik. Peonek gaiari «jarraipen zabala» egingo diotela azaldu zuen.

LANPOSTUEN PROFILAK BIRDEFINITZEN

Besteak beste, obra lantaldeko udal langileen lan baldintzen erregularizazioa eta lanpostu zerrendaren aldaketa onartu zituzten. Iaz, lanen azterketa egiten hasi zen udala. «Zenbait egiteko, egutegian aurreikusita ez zeudenak izaten ziren», Olatz Peon alkatearen hitzetan. Orain oinarriak zehazteko bilerak egin diuzte, eta proiektuak 22.901,47 euroko gastua izango du guztira.

Tolosako Udalaren ezagutza dokumentatua helburu duen Udaleko Izapideen Eskuliburua ere aho batez onartu zuten. Bertako testuak Euskara eta Berdintasun sailetako teknikariek aztertu eta zuzendu dituzte, eta dagoeneko irakurgai dago udalaren webgunean. Lan-talde bat sortuko dute, fitxa teknikoak sortu eta edukia eguneratzeko.

Abenduan, lanpostuen zerrenda onartu zen. Horien artean zegoen, Hizkuntza Politika eta Hezkuntza Departamentuko buruarena. Bilkuran, lanpostu horren titulazioa eta administrazio-eskalaren aldaketa onartu zuten, aho batez. Lehen Euskal Filologian lizentziatua izatea beharrezkoa zen baina, baldintzak aldatuta, sarbide titulua mugatu gabea eta irekia izango da orain. Iñaki Irazabalbeitia EH Bilduko zinegotziak gaineratu zuen, «saileko arduradunek kudeaketa ardurak ere izan behar dituztela». Jarraian, Kontratazioko Mahai Iraunkorraren osaera onartu zuten.

SUHILTZAILEAK ETA UGARTE

Mozioak ere izan ziren tartean. Batetik, Gipuzkoako suhiltzaileen zerbitzua indartzeko eta lanpostu berriak sortzeko eskaera egitea proposatu zuten. Tolosako udalbatzak bat egin zuen dokumentuarekin, «foru aldundiari aurreikusita dauden hobekuntza guztiak egitea eta giza baliabide gehiago jartzea eskatuz; baita lan eskaintza publiko berriak ahalik eta azkarren zabaltzeko ere». Christian Fernandez PSE-EEko zinegotzia abstenitu egin zen, «erabakiak hartzerakoan, alde guztiekin elkarrizketak ez izateagatik». EH Bilduko Cristina Pelaez zinegotziak hartu zuen hitza, ondoren. «48 lanpostu berri sortzea beharrezkoa ikusten dugu, askotan, bajak betetzea tokatzen delako». Peonek gogorarazi zuen, legeak direla-eta, «egitasmoa ezin dela bat-batean gauzatu». Bilkuran Tolosako parkeko 4 suhiltzaile ere izan ziren, «prozesuaren kronograma» eskatuz.

Erlazionatuak

"Jaioterrira itzultzeko eskubidea du"

Josu Artutxa Dorronsoro 2019 urt 31 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!