"Jaioterrira itzultzeko eskubidea du"

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko urt. 31a, 08:54

Lucas Ugarte Plazaren familiak zuzenean jarraitu zuen udaleko osoko bilkura. Hunkituta eta pozik irten ziren aretotik, baina badakite oraindik lan handia dagoela egiteko.

Karmele Ugarte, Nerea Ugarte eta Juan Ramon Insausti Ugarte bilobak, eta Ekhiñe Atorrasagasti Karmele Ugarteren alaba, osoko bilkuraren lekuko izan ziren, asteartean, Tolosako udaletxean. «Tolosan ez ezik, Gipuzkoa osoan zehar zabaldutako familia da ugartetarrena», dio Ekhiñek. Bilkurara bidalitako idatzian, 15 bat kideren izenak agertzen dira, baina gehiago dira babesa eman nahi dutenak: «Jende askoren artean aurrera ateratako egitasmoa da».

«Beremunda Plaza Lucasen ama eta gure birramonak sekulako ahalegina egin zuen, bazekielako semeetako bat ez zegoela bere hilerrian», diote. Garai haietako kontakizunak eta argazkiak gordetzen joan da familia, egungo egoerara heldu arte.

Duela zortzi urte inguru dokumentatzen hasi zirela dio Karmele Ugartek. Bere aitarengandik hasi zen, osaba Lucasengana heldu arte. «Soldaduskara joatea tokatu zitzaion 1935ean, eta ejertzitoarekin eraman zuten gerrara. Levanteko frontean hil zen. Bere ama Beremundak semearen gorpua Teruelen erreskatatu zuen 1939an, gero Tolosara ekarri eta bertan ehorzteko».

1959rako eraiki zuten Erorien Harana: «Hura bete behar zutela-eta, Tolosatik hainbat gorpu eraman zituzten, tartean Lucasena». Baina, diotenagatik, Tolosako hilerriko dokumentuetan ez du jartzen bertatik eraman zutenik. «Hala ere, duela gutxi Aranzadik baieztatu zuen, 1962an Erorien Haranean sartu zutela».

Hasi berri den prozesua luzea izango da familiarentzat, baina erakunde publiko batek eskaera onartzea zen lehen urratsa. «Eraman zutenek ekar dezatela, bestela gu joango gara bere gorpuaren bila».

80, TOLOSARRAK ERORIEN HARANEAN

Zenbait ikerketa lanek adierazten dutenaren arabera, 1.091 euskal herritarren gorpuak daude Erorien Haranean. Horietatik 231 dira gipuzkoarrak, eta zifrak guztiz zehatzak ez badira ere, tartean, 80 tolosar daudela diote ikerketek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!