Inauteriei buruzko liburua eta erakusketa aurkeztu dituzte

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko urt. 28a, 13:50

Pasa den ostiralean, Tolosako udaletxeko pleno aretoan izan zen ekitaldia. Bertan, Juanito Loperen Lagunak elkarteko kideek eta Iñauterikeriak proiektuko egileek, izen bera daraman liburua aurkeztu zuten; ondoren, Aranburu jauregiko erakusketa inauguratu zuten.

“Tolosako herriak bihotzean daraman festa bat baldin bada, hori inauteria da” esanez hasi zuten aurkezpena, ostiralean, Tolosako udaletxeko pleno aretoan. Juanito Loperen Lagunak elkarteko kideek, Iñauterikeriak proiektuaren egile izan diren Pablo Dendaluze, Joseba Urretabizkaia eta Joxemi Saizarren laguntza jaso zuten ekitaldian.

“Inauteria gero eta gazteago eta kementsuago ageri zaigula esan behar da. Juanito Lope izpiritu-iturri izanda, merezi duena eman behar zaie inauterizale guztiei.", aitortu zuen Paco Lizarralde elkarteko lehendakariordeak. Bestetik, Justi Lope lehendakariak eskerrak eman zizkien dokumentala eta liburua egi bihurtu dituzten tolosar guztiei eta Txaro Berra eta Blanca Amigori aipamen berezia egin zien "herritarrentzat osatutako erakusketa posible egiteagatik".

Joxemi Saizarrek, bere eremuari, hau da, liburuari buruz hitz egin zuen. “Elkarrizketatuen bitartez, inauteri izpiritua ikusi ahal da, adin eta ikuspegi desberdinetatik”. Liburuaren bitartez, "garai bakoitzean inauteria nola bizi zen, eta nola bizi den ezagutzea" posible dela ikusi du. 52 pertsonen argazkiez gain, artxiboko zenbait argazki ere sartu dituzte liburuan. "Dokumentalean hainbat sekretu jakin badaitezke ere, liburuan gehiago ezagutzeko aukera dago" esanez amaitu zuen hitzaldia.

Erakusketa irekia da, eta 52 elkarrizketatu aukeratzea hain zaila izan denez, Aranburu jauregian, bi gune izango dira zabalik, nahi duen orok bere argazkiak edo mozorroak uzteko aukera izango duelarik. “Inor ez dadila erakusketatik kanpo geratu, edo hori ekidin nahi dugu behintzat”, zioen Joseba Urretabizkaia argazkilariak. Gainera, elkarteak eta udaletxeak hala erabakita, ikusgai jarri dituzten elkarrizketatuen erretratuak, pertsona horiei oparituko dizkiete. "Beraz, erakusketa amaitzen denean, horien bila pasa ahalko dute".

Pablo Dendaluzek ere, hitz politak izan zituen aurkezpenaren amaieran. “Erakusketa antolatzen bi emakume aritu dira lanean buru-belarri. Haurrak ginenean, gainera, inauteriei eta guri babesa eman zigutenak, amak eta amonak izan ziren. Azken finean, oinarrian beti egon da emakumeen presentzia, eta nik, proiektua, bere osotasunean, beraiei eskaini nahiko nieke. Etxean, kalean, elkartean agian gutxiago... garai batean izan ez zuten lekua merezi dutelako. Oro har, urteetan zehar egindako ekarpenengatik, emandako guztiagatik, denei eskaini nahi diet proiektua. Orain, euren parte-hartzea normaltasun osoz hartzen dugu, eta festaz gozatzeko aukera izaten dute, baina garai batean ez zen horrela. Ondorioz, nire txaloak eta esker hitzak beraiei eskaintzen dizkiet”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!