Migel Soroaren irabazleak ezagutzeko unea iritsi da

Tolosaldeko Ataria 2019ko urt. 25a, 13:02
Finalistek pilota aukeraketa egin zuten Beotibar frontoian. AGERREMEDIA.COM

Migel Soroaren Oroimenezko Ogi Berri Txapelketaren finalak jokatuko dira, bihar, 16:30ean, Tolosako Beotibar frontoian.

Maila handiko txapelketak, bukaera ere maila handikoa izango duela espero da. Bihar jokatuko dira, 16:30etik aurrera, Tolosako Beotibarren, Migel Soroaren Oroimenezko Ogi Berri Pilota Txapelketako finalak.

Lehenengo partidan jubenil mailakoak lehiatuko dira, eta bertan izango da finaletan parte hartuko dutenetatik eskualdeko bakarra: Aurrera-Tolosa elkarteko Lasa. Atzelari Oberenako Cuairan duela, Buruzgaineko De la Fuente eta Errekako Agirre izango ditu aurkari. Cuarainek erakutsi duen nagusitasuna aldeko izango du Lasak, eta bere laguntza beharko du, De la Fuente eta Agirreren aurka. Oso partida onak jokatu dituzte bi horiek, eta oso zaila izango zaie gailentzea.

Etorkizunekoetan, Egiguren (Ilunpe )-Apezetxea (Umore Ona) Murua-Gartzia (Bergara) lehiatuko dira. Horietatik hiruk Diario Vasco Torneoaren finala jokatu zuten, eta lehenengo bikotea Antiguako Torneoaren irabazleak izan ziren.

Egigurenek erakustaldiak eskaintzen ditu, eta Apezetxea oso segurua da atzean. Bergarako bikoteak oso txapelketa ona jokatu du orain arte, eta Murua oso une onean dago.

Nagusien finala Zubizarreta (Lapke)-Uriondo (Lea Ibarra) eta Salaberria (Erreka)-Otaduy (Olaburu) bikoteek jokatuko dute. Lau pilotariak oso joko onarekin daude, bereziki bi aurrelariak, erakustaldiak egiten ari baitira azken partidetan, mota guztietako tantoak eginez.

Zozketak

Leihatila 15:30ean irekiko dute, eta sarrera gordetzeko eskatu dute antolatzaileek, bertan agertzen den zenbakiarekin, partida bakoitzaren bukaeran egingo den zozketan parte hartu ahal izateko. Kamiseta eta pilota bat zozkatuko dituzte partida bakoitzaren bukaeran.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!