Inauterietarako prest ditu hitzorduak, Aiz Orratz elkarteak

Ataria 2019ko urt. 25a, 13:00

Haur Jaialdia, mozorro lehiaketa eta danborrada martxan jarriak dituzte, Aiz Orratz elkartekoek.

Gero eta gutxiago falta da Tolosako inauterietarako, eta dagoeneko Aiz Orratz elkartean hasi dira inauterien bueltan urtero antolatzen dituzten ekitaldiak prestatzen.

Jai giroan murgilduta ospatu zuten, elkarteak antolatzen duen inauterietako Haur Jaialdiaren 50. urteurrena, eta aurreko urtekoaren gogo eta ilusio berarekin heldu diote, aurtengo jaialdia antolatzeari ere. Eguna zehaztu dute, eta otsailaren 23an izango da.

Azken urteotan egin izan duten moduan, goizez izango da, 12:30ean. Hori bai, 11:45etik hasita kalejira izango da, Tolosako Erraldoi eta Buruhandien konpartsarekin batera. Alboan izango dituzte, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoak, eta Aiz Orratz elkarteko txaranga.

Jaialdirako sarrerak otsailaren 22an jarriko dituzte salgai, 18:00etatik aurrera, Leidor aretoko leihatilan. Euro baten truke eskuratu ahal izango da sarrera. Egunean bertan ere izango da txartelak erosteko aukera, 11:00etatik aurrera.

Mozorro lehiaketa, martxan

Jaialdiaren bueltan, mozorro lehiaketa ere antolatzen du Aiz Orratz elkarteak. Duela urte batzuk lehiaketan parte hartzeko modua aldatu zuten, eta orain etxetik bertatik parte hartzeko aukera eskaintzen dute.

Parte hartzeko nahikoa da argazki edo bideo bat bidaltzea. Horretarako bi bide jarri dituzte: WhatsApp bidez 688 854 076 telefono zenbakira bidalita, edo haurjaialdia@gmail.com helbide elektronikora idatzita. Artxiboarekin batera, izen-abizenak eta gurasoen kontakturako datuak jarri beharko dira. Argazkiak bidaltzeko azken eguna otsailaren 19a izango da. Tolosako hainbat saltokik emandako sariak jasoko dituzte, mozorrorik onenek.

Danborrada

Haur danborrada martxoaren 2an, larunbatean, izango da eta prest dituzte entsegu egunak. Kosakek urtarrilaren 26an, eta otsailaren 2, 9 eta 16an izango dituzte entseguak, musika eskolan, 15:30ean. Danborradan parte hartuko duten haur guztien entsegu orokorra, berriz, otsailaren 24an, igandean, izango da, 11:00etan, Trianguloan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!