Saltsero hutsak diren hiru inauterizale. Gaia edozein dela ere, bakoitzak bere eremuan eragitea gustuko dutenak. Behin inauterien erreleboa jaso zuten, eta baloreen transmisio lan horri jarraipena eman nahi izan diote proiektu berri honekin. Badakite inauteria bizitzeko ez dela ezer behar eta, eguraldiari erreparatu gabe, inauterien izaera ilusioz mantentzea da desio dutena.
Nola sortu zen proiektuaren ideia?
Pablo Dendaluze: 2017an, Juanito Loperen Lagunak elkarteko kideok antzeko lan bat egin genuen. Tolosako artistaren jaiotzaren mendeurrenean, liburu bat argitaratu, bideo bat sortu eta erakusketa bat ere zabaldu genuen.
Joseba Urretabizkaia: Aurten zerbait berezia egitea pentsatu genuen eta, bilera batean, hiru elementurekin proiektu bat egitea posible zela ikusi genuen.
Zer kontatuko du dokumentalak?
Joxemi Saizar: Hainbat adinetako jendearen testigantzak bildu ditugu. Gehienak inauterizaleak, baina, tartean, badira jostun bat, udaltzain bat, kale garbitzaile bat eta tela saltzaile bat ere. Inauteri asko irudikatzen saiatu gara. Dokumentalean eta liburuan jasota dagoena etorkizunean erakutsiz gero, egungo inauteria nolakoa zen ezagutuko dute. Juanitoren garaikoekin lortu ez duguna, egungoekin egin nahi izan dugu.
P. D.: Dokumental bat baino gehiago, dokumentu bat da, norbere garaiko inauteriak ezagutaraztea helburu duena, protagonisten hitzekin eta irudiekin osatua. Guretzako geratuko den artxibo bat da. Urte batzuk barru, orain inauterietan bizi dugun giroa ezagutu ahal izango da.
J. S.: Orain gustura ikusiko genituzke Juanito Loperen garaiko inauteriak, baina ezinezkoa da. Orain arte, gainera, ez da gauza beterik egin inauterien inguruan. Iñauterikeriak proiektua bada horrelako zerbait, inauteri asko biltzen dituena.
52 inauterizale aukeratu dituzue. Zeren arabera egin duzue aukeraketa?
J. U.: Zerrenda nola egin erabakitzea arazo handi bat izan da. Elkarrizketak 50 inauterizaleri egitea pentsatzen genuen, zenbaki borobil bat delako. Aurrena, zerrenda erraldoi bat egin eta, horietatik, ohartu gabe, 51 aukeratu genituen eta, azkenean, kanpoan bizi izan den bat ere etorri denez, bera ere batu da zerrendara.
P. D.: Adinez anitzak izateaz gain, guztiak ere inauteriak modu desberdinean bizitzen dituzten herritarrak dira. Tolosako inauteriaren ikuspegi orokor bat jorratzea izan da asmoa, nolabaiteko deskribapen bat egitea.
Nolakoa izan da proiektuaren prozesua?
J. S.: Nahiko presaka aritu gara. Urrian hasi ginen grabaketekin, eta abenduan liburuarekin.
P. D.: Elkarrizketa guztiak egiteko ia bi hilabete behar izan genituen. Guztiak batuta, 22 ordu eta 40 minutuko lana genuen, eta hori ordubete eta 18 minutura jaistea lortu dugu. Ez zen bakarrik ordu kopuruak murriztea edo bilduma bat egitea, baizik eta horri zentzu bat ematea. Edizio lan handia eskatu du. Polita da baina, aldi berean, neketsua.
J. S.: Liburua dokumentalarekin batera landu dugu. Bideoan sartu ezin ziren hainbat kontu, liburuan irakurri daitezke.
Zein gairen inguruan aritu zarete elkarrizketatuekin?
J. S.: Denei antzeko gaiei buruz galdeu diegu: oroitzapenak, musika, mozorroak... Bideorako erantzun batzuk aukeratu ditugu, baina liburuan gehientsuenak edo esanguratsuenak bildu ditugu. Bi lanak osagarriak direnez, biak batera salgai izango dira.
Izan al da gai berezirik?
P. D.: Jokoa eman duten gaiak izan dira baina, oro har, inauteriak jokoa ematen du. Aurrez aurre duzun pertsona inauterizalea eta hiztuna bada, berdin dio gaiak. Elkarrizketa bideratzen ere jakin behar da, bestearen izaera eta erantzuteko moduak kontuan hartuz. Emozioak bilatzen ere saiatu gara askotan.
J. S.: «Inauteria oso zabala da, eta baten barruan inauteri asko kabitzen dira», dio elkarrizketatu batek. Lan honek ere jasotzen du abaniko zabal bat. Modu askotara bizi ditugu festak eta, batek dioen bezala, «begira ere senti gaitezke inauterizale».
Argazki erakusketa bat ere osatu duzue.
J. U.: Hala da. Argazkiek eta elkarrizketatuen planoek lotura bat izatea zen asmoa. Horretarako, estudioan egin genituen grabaketak eta argazkiak. Kontrastea bilatu nahi izan dut irudietan, plano hurbilekin, argiarekin eta atzealde beltzarekin jokatuz, eta mozorroekin osatuz. Arropak eta elementuak ere ikusgai izango dira erakusketan.
Proiektutik aparte, nola bizi dituzue inauteriak?
J. U.: Argazkilari bezala aritu izan naiz urte askotan, eta ez dut parte hartze handirik izan.
J. S.: Hainbat inauteri mota daude, bizitzako garai desberdinetan zehar. Dudan lehen oroitzapena etxean zegoen txilaba zahar batena da. Kuadrillako mozorroez, eta aisialdi taldean, Udaberrin eta txarangan bizitako inauteriez ere oroitzen naiz.
P. D.: Azken urteetan lanean aritu naiz, baina gozatu izan dut lehenago ere. Lanean ari naizenean, mozorrotuta nagoenean bezainbeste sentitzen ditut, nahiz eta beste modu batera izan. Egun politak dira inauteriak, batzuekin eta besteekin egoteko, kezka guztiak ahazteko, musikarekin jauzi egiteko... Musikak berezitasuna ematen die.
Musikaz gain, mozorroa ere ezinbestekoa izango da.
P. D.: Bai. Baina, mozorroa bera baino gehiago, hura ulertzeko modua. Batek dioen bezala, «mozorroarekin egiten duzuna edo horri ateratzen diozun etekina da garrantzitsuena». Konplizitatea bilatzea ederra izaten da.
INAUTERIAK MOTZEAN
Egun bat? Hirurak: Ez dut bereziki gustuko egun bat, uneak baizik.
Une bat, orduan? J. U. eta J. S.: Inauterietako kontzertua eta Diana. Leherketa baten modukoak dira.
P. D.: Ostegun gizen gaueko kaleko giroa eta, arratsaldez, zezen plazan eta inguruan sortzen den guztia.
Doinu bat? J. U.: Pello ziri-ziri.
J. S.: Galtzaundi.
P. D.: Edozein kalejira.
Mozorro bat? J. U.: Bat bera ere ez.
J. S.: Autotxokeena.
P. D.: Barriolatarrekin parodia egin genuenekoa: Behie-Kin.
Inauterikeria bat?
J. S.: Manifestazio batez mozorrotu ginenekoa: Inauteria ez, garizuma bai. Nahiko serio aritu ginen; etorritako jendeak ere alde egin zuen benetakoa zelakoan. Gauez, leloa aldatu genion: Garizuma ez, inauteria bai.
P. D.: Pattar zezen baten ondoren, lagun bat etxera kantzontzilotan eraman behar izan nuenekoa.