Bide onetik doa eskubaloi talde nagusia

Imanol Garcia Landa 2019ko urt. 23a, 20:03
Tolosa CF Eskubaloia taldekoak erasoan, partida batean. IMANOL ESNAOLA

Denboraldi erdia igaro denean, sailkapeneko bigarren postuan dago Tolosa CF Eskubaloia taldea.

Tolosa CF Eskubaloia sendo ari da aurtengo denboraldian, lehen maila nazionalean. 30 jardunaldietatik 16 jokatu ondoren, bigarren daude sailkapenean, 26 punturekin, lehenengotik bi puntura eta hirugarrenari hiru puntuko tartea ateratzen diotela. «Balantze ona» egiten dute taldekoek, Estanis Arsuaga kapitainaren ahotik: «Talde bezala denboraldi hasierako helburua da ahalik eta gorenen geratzea. Denboraldi erdia egin dugu eta bigarrenak gaude, beraz, balantzea ona da».

Azken jardunaldia bereziki ona izan da Tolosakoen asmoetarako. Lehen postuan doan Anaitasunak galdu egin du, eta hirugarren doan Casablancak eta laugarren doan Ereintzak berdindu egin dute. Asteburu honetan, gainera, Casablancaren aurka izango dute partida. Arsuagak azaldu duenez, «denboraldiko partida garrantzitsuenetako bat izango da, eta etxean jokatuko dugu. Lehen itzuliko partidan, beraien etxean jokatu genuena, galdu egin genuen. Ea asteburu honetakoa irabazi eta tarte gehiago ateratzen diogun».

Aurreko denboraldiaren alderatuta, antzeko egoeran daudela dio Arsuagak. Postuen aldetik pixka bat gorago, aurrekoan hirugarren edo laugarren joango zirelako, baina egoera antzekoa dela dio kapitainak. «Lehenengo postuetan egotea pentsatzen genuen, baina partidak jokatu egin behar dira», esan du Arsuagak. Orain bi denboraldi zilarrezko mailan izan ziren, eta aurrekoan berriro lehen maila nazionalean aritu ziren. «Berriro ere mailara egokitu behar ginen, eta jaisterakoan taldean ere aldaketak izan ziren. Zentzu horretan, joko aldetik, elkarrekin errazago jokatzen ari gara denboraldi honetan».

IGOERA FASEA JOKATZEA

Lehenengo helburua lehen bi postuetan geratzea da Tolosa CF Eskubaloiarentzat, igoera fasea jokatu ahal izateko. «Behin hori lortu ondoren, gero ikusiko dugu zein beste helburu jartzen dugun», esan du Arsuagak. Bere mailan sei multzo daude, eta multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuek jokatzen dute igoera fasea.

Lehen postu horietan geratzeko denboraldi hasieratik lan asko egin behar dela dio kapitainak. «Ari gara lanean, eta emaitzak lortzen ari gara, lan asko egin eta gero», esan du Arsuagak, eta aurrera begira dituzten data esanguratsuenak aipatu ditu: «Asteburu hau dugu, hasteko. Gero, inauterietako asteburuan bi partida etxean jokatzen ditugu, Ereintza eta Trapagaranen aurka. Gero martxoaren bukaeran Anaitasunaren aurka dugu, kanpoan».

Halere, partida guztiak garrantzitsuak direla dio, guztietan puntuak eskuratzeko. «Ezin gara erlaxatu, partidaren bat berdindu edo galduz gero, segituan gainera etortzen baitira atzetik datozenak. Egun txar bat baduzu eta beste taldeak gogo gehiago jartzen badu, ezustekoak izan daitezke».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!