«Egoera zein izango zen garbi ez egoteak bota zidan atzera»

Tolosaldeko Ataria 2019ko urt. 23a, 20:03

Tolosa CF Eskubaloia taldeko Iker Ortizek (Anoeta, 1997) Asobal ligako Benidorm taldean proba bat egin du berriki. Ortizek berak erabaki zuen proba bertan behera utzi eta bueltatzea.

Nola sortu zen proba egitearena?

Nire postuan bi jokalari zituzten, eta horietako batekin arazoak zituzten, epaiketa kontuekin zebiltzan, kontrakoa atera zitzaien eta jokalari hori gabe geratu ziren. Beraz, jokalari bat behar zuten. Denboraldi-aurrean hemen jokatu zuten Benidormekoek; hor ikusiko ninduten, eta hortik aterako zen aukera.

Eta nola izan da esperientzia?

Berez bi asteko proba bat zen, baina astebete egin eta bueltan etorri nintzen. Entrenatzen oso gustura aritu nintzen, beste maila bateko intentsitatea dagoelako, azken finean lehen mailako talde bat da, eta Munduko Txapelketan dauden jokalariak ere badituzte, eta hori nabaritzen da. Baina, gero, sentsazioak ez ziren onak. Baloratu nuen ere hemen zer uzten nuen, eta ez du konpentsatzen. Gehienbat horregatik itzuli nintzen.

Kontratu profesionalik eskaini zizuten?

Niri esaten zidaten bigarren taldeko fitxa jarriko zidatela eta gero aukerak izango nituela lehen taldean jokatzeko. Beraiei merkeena hori ateratzen zitzaien. Bigarren taldean eduki eta orduan ez zara profesionala, eta nik irabaziko nuen dirua gutxiago izango zen profesionala izanda baino.

Zuk erabaki zenuen, beraz, bueltatzea. Beraiek zerbait esan zizuten, hau da, pasa zenuen proba?

Ez zidaten ezer esan. Saiatu nintzen jakiten baiezkoa edo ezezkoa, baina ez zidaten argi esaten. Azkenean bi asteko proba bat zen, eta pentsatzen dut bukaerarako utziko zutela. Lortzen nuen informazioaren arabera, bigarren taldean sartzeko kontu hori zegoen, eta ez da berdina seguru lehen taldean egotea edo bigarrengoan aukerekin. Eta egoera zein izango zen garbi ez egoteak bota zidan atzera. Azkenean hemen dena uztea eta hara joatea jakin gabe nola egongo nintzen... sekulako aldaketa zen eta pentsatu nuen ez zuela merezi.

Erlazionatuak

Bide onetik doa eskubaloi talde nagusia

Imanol Garcia Landa 2019 urt 23 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!