Iurreamendi egoitzaren kudeaketa eskualdatzea onartu du udalak

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko urt. 23a, 13:03
Ezohiko osoko bilkuran, gobernua osatzen duten alderdietako ordezkariek hitzarmena onartu zuten unea. TOLOSAKO UDALA

Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku geratuko da zentroa, apiriletik aurrera. Gobernuko ordezkarien baiezko botoekin eta oposizioaren abstentzioarekin onartu da erabakia ez ohiko osoko bilkuran.

Pasa den ostegunean, hilak 17, ezohiko osoko bilkura ospatu zen Tolosako udaletxean. Iurreamendi zaharren egoitzaren inguruko bi puntuk osatzen zuten eguneko gai zerrenda.

Hain zuzen ere, zentroaren kudeaketaren eskualdatzeko hitzarmena onartu ala ez erabaki behar zuten udaleko alderdiek. Azkenean, EAJ eta PSE-EE alderdiek osatzen duten gobernuko kideen baiezko botoekin eta EH Bilduko ordezkarien abstentzioarekin onartu zen hitzarmena. Iurreamendi zaharren egoitzaren kudeaketa beraz, udalarena izatetik, Kabia erakundera pasako da, hau da, Gipuzkoako Foru Aldundira, datorren apiriletik aurrera.

Bi atal

Aldaketa honen guztiaren oinarrian Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazioen eta Zerbitzuen Katalogoa dago eta bertan bi atal bereizten dira.

Batetik, lehen mailako arretako gizarte zerbitzuak daude, udal eskumenekoak direnak. Bestetik, berriz, bigarren mailako arretako gizarte zerbitzuak daude, foru aldundiaren esku daudenak.

Azken horien barruan sartzen da Iurreamendiko egoitzaren kasua. Zerbitzu horiek, ordea, lehen ez zeuden %100ean udalaren esku, horien finantzaketak foru aldundiarekin batera bideratzen zirelako. Apiriletik aurrera, baina, finantziazio aldetik eta kudeaketa aldetik %100ean egingo da zerbitzuen banaketa.

Legeak, foru aldundien esku uzten ditu adinduen egoitzen gisako zerbitzuak, eta kasu batzuetan, legeak ezarritako eskumen banaketaren aurretik, jada udalen edo egoitza horien menpeko erakundeen esku geratu ziren udal titularitatea duten adinduen zentro ugari.

Aldaketa, berme guztiekin

Gauzak horrela, gobernuko ordezkarien esanetan, «legeak bete ahal izateko, ezinbestekoa da egoitzaren kudeaketa Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku uztea, eta hori, onartu berri den hitzarmenak ahalbidetuko du». Eskualdaketa, gainera, egoitzaren elementu guztiekin gauzatuko da: pertsonala, materiala eta kontratu administratiboen eta ondarearen subrogazioa.

Olatz Peon alkateak berretsi zuen eskualdaketa «berme guztiekin» gauzatuko dela. Hala ere, erabiltzaileak, langileak eta zerbitzua ez dira aldatuko, eta egun bezala mantenduko dira. «Kudeaketa organoa da aldatzen den bakarra. Bestela, era berean jarraituko du denak, eta hala dago jasota hitzarmenean».

Behin udalak hitzarmena onartuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak tramiteekin jarraituko du. Diputatuen Kontseiluak eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu ostean, hitzarmen hori izenpetuko da. Bizpahiru hilabete barru aurreikusten da ofizialki gauzatzea.

Gipuzkoako udalak 3 urteko plangintza eta egutegi baten baitan ari dira Kabia Foru Erakundean txertatzen. Hori dela eta, dagoeneko 11 zentro dira bertan sartuta daudenak eta tartean da Villabonako egoitza ere. Horiei batuko zaie apirilean, Iurreamendikoa. Ondorioz, guztira 17 egoitza izango dira Kabia Foru Erakundean.

Oposizioa

EH Bildu abstenitu egin zen eta Lore Agirrek azaldu duenez, hitzarmenarekin arazorik ez badute ere, langileen lan baldintzentan jarri dute azpimarra. «Aldaketak aldaketa, gobernuaren esanetan, baldintza berdinekin jarraituko dute langileek. Baldintza horiek, ordea, epe luze baterako lotzea nahi genuen», esan du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!