Mendi Tour jaialdiko film laburren lehiaketa, abian

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko urt. 22a, 20:01

Martxoaren 11tik 13ra bitarte ospatuko da Mendi Tour Tolosa jaialdia eta horren barruan film laburren lehiaketa antolatu du, beste behin, Tolosako Udalak.

Hemen da Mendi Tour Tolosa jaialdia. Aurten, martxoko bigarren asteburuan ospatuko da, Tolosako Leidor aretoan, eta honen barruan, beste urte batez, film laburren lehiaketa antolatu du Tolosako Udalak. Dagoeneko martxan da lehiaketan parte hartzeko aukera, eta otsailaren 15a bitarte luzatuko dute epea. Lehiaketarekin herriko zein inguruko abenturazaleak mendiarekin zerikusia duten lan desberdinak aurkeztera animatu nahi ditu udalak.

Aurtengo edizioan bi sari izango dira jokoan; film labur onenaren egileak 600 euro eramango ditu, eta Tolosaldeko lanik onenarenak, berriz, 400 euro.

Orotariko baldintzak

Otsailaren 15era bitarte aurkeztu daitezkeen film laburrak mendiarekin edota abenturarekin zerikusia duten esperientziei buruzkoak izan behar direla azaldu du udalak. Parte hartzaileen inguruan, berriz, lanak nahi duen orok aurkeztu ditzakeela esan du, eta partaide bakoitzak, gehienez, bi lan aurkeztu ahal izango dituela nabarmendu du.

Iraupenari dagokionez, ikus-entzunezkoek ezingo dute 5 minuturen langa igaro, eta beraz, formatu eta neurri laburreko lanak izango dira aurkeztu beharko direnak. Egileek, nahi duten hizkuntzan aurkeztu ahal izango dituzte euren ekoizpenak. «Hori bai, formatu digitalean egon beharko dute, eta originalak behar dute izan». Guzti hori aztertzeko eta lanak aukeratzeko ardura hartuko dutenak, mendiarekin eta ikus-entzunezkoekin lotura estua duten pertsonak izango dira.

Grabatutako irudiekin osatutako film laburrak, Plaza Zaharreko 6. zenbakian kokatuta dagoen Tolosako Udaleko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (Udaten) aurkeztu ahal dira, astelehenetik ostiralera, goizeko ordutegian: 7:15etik 14:15era. «Ordenagailuz, Wetransfer plataforma erabiliz, kultura@tolosa.eus helbide elektronikora lanak bidaltzeko aukera ere izango da».

Informazio gehiago eskuratu nahi duenak, Tolosako Udalaren www.tolosa.eus webgunera jo dezake. Bestela, Kultur Etxearekin harremanetan jarri ahal daiteke, 943 670 383 telefonora deituz, aurrez idatzitako helbide elektronikora idatziz, edota Trianguloa plazako eraikinean dauden bulegoetara inguratuz, astelehenetik ostiralera bitarte, 10:00etatik 13:00etara edota 16:30etik 19:00etara.

Arrakasta areagotuz

Tolosako Mendi Tour jaialdian Bilboko Mendi Filmeko lanik onenak ikusi ahal dira. Aurten bederatzigarren edizioa izango da eta martxoaren 11, 12 eta 13an ospatuko da, Leidor antzokian. Tolosako jaialdia Mendi Film Festival elkarteak, Tolosako Udalak eta Tolosa Gasak elkarlanean sustatzen dute. Iaz ere martxoan ikusi ahal izan ziren, Tolosan, Mendi Filmeko lanik onenak, eta udalak azaldu duenez, jaialdiak 1.604 ikusle erakarri zituen. Orain arteko edizioak aintzat hartuta, ikusle gehien izan zituena izan zen pasa den urtekoa eta sarrera salmenta handienekoa ere izan zen. «Azpimarratzekoa da egun bakarrean lortutako ikusle datu onena: 643 ikusle iazko lehen egunean», esan du udalak.

Mendi Tour Tolosa jaialdiko lehen hiru edizioetan bi eguneko jaialdiak egin zituztela gogoratu dute eta 2011n 600 ikusle izatetik 2018an 1.000 gehiago izatera igaro zirela nabarmendu du. «Kultur eskaintza hau egonkortu egin da, eta ohitura bihurtu da Tolosan, Tolosaldean, eta baita Gipuzkoa osoan ere. Herrialde guztitik joaten baita publikoa Leidorrera».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!