Soroaren finalak erabakita geratu dira

Ataria 2019ko urtarrilaren 21a

Migel Soroa Ogi Berri Txapelketaren bigarren finalerdiak larunbatean jokatu ziren Beotibarren. Murua-Gartzia; De La Fuente-Agirre eta Salaberria-Otaduy izan ziren aurrera egin zutenak.

Etorkizun mailako finalerdia bizkorra izan zen. Murua-Gartzia 22-9 nagusitu ziren Mata-Aizpitarteren aurka. Hasieran zabaldu zuten tartea eta hortik aurrera kontrolpean izan zuten partida irabazleek. Muruak aurrean zazpi tanto egin zituen. Gartzia atzean bikain ibili zen, tanto bat eginaz eta bi kalerekin.

Jubeniletan ere antzeko partida joan zen. Irabazleek tartea segidan zabaldu zuten eta erraz iritsi ziren 22ra. Unai Alberdi-Elosegi 7an geratu ziren. De La Fuenteren partida borobila izan zen. Sakez sei tanto lortu zituen eta jokoan lau. Horrez gain, ez zuen kalerik egin. Agirre atzelariak ere ez zuen kalerik egin, baina bai hiru tanto lortu.

Finalerdietako azken partida eliteen mailakoa izan zen. Peru Labaka zizurkildarrak Zezeagarekin osatu zuen bikotea. Aurkariak nagusitu ziren, ordea. Salaberria-Otaduy 22-17 nagusitu ziren. Jaialdiko partida ederrena izan zen. Aurrean ikuskizuna eskaini zuten bi pilotariek, tanto ugari elkarri sartuz. Labakak 10 tanto egin zituen eta Salaberriak 12. Atzean, Zezeagak 6 pilota galdu zituen; Otaduy-k lau.

Finalak urtarrilak 26, larunbata, Tolosako Beotibarren

  • Jubenilak: De La Fuente-Agirre/Lasa-Cuairan
  • Etorkizunekoak: Murua-Gartzia/Julen Egiguren-Apezetxea
  • Elite mailan: Salaberria-Otaduy/Zubizarreta-Uriondo

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!