Ekitaldia Goazen telesaileko hiru aktoreek gidatu dute: Iholdi Beristain, Miren Arrieta eta Asier Burgetek. Oholtzara igotzeko momentuan haurren artean urduritasuna nabaria izan da. Oihu eta txalo artean egin diete harrera. Goazen saioko protagonistek gaztetxoei gogorarazi diete, neska edo mutil izan kirol guztiak denek egin ditzaketela, eta garrantzitsuena errespetua dela. Jarraian, Denok zu abestia abestu dute denek batera.
Hakatoia festa bat dela adierazi du Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismoa, Gazteria eta Kiroletako diputatuak: "Kirola balioak transmititzeko erreminta izugarria da. Kirolaren bitartez ikasi ere egiten dugu. Balio positiboak ikasten ditugu. Eta harmailetara begira jarri eta gurasoei ere eskatu nahi diegu, errespetatu dezatela eta gozatu dezatela zuek egiten ari zareten kirol hori". Esfortzua, talde lana eta balore positiboak ikasteko balio duela kirolak adierazi du.
Olatz Peon Tolosako alkateak ere ildo beretik jarraitu du, baloreak nabarmenduz: "Herri batek dituen baloreak adostu eta zabaltzea oso garrantzitsua da esparru guztietan, eta baita kirolean ere". Kirolak bere barruan balio handiak eta asko dituela esan du. Eta gaineratu du, abestu eta dantzatu duten kantuak esaten duen moduan errespetua eta irria izan behar dituela. Bertaratu diren guztiei eskerrak eman dizkie, gogoraraziz, errespetuz eta irriz, ondo pasatzeko.
Lau kirolari profesionalek ere parte hartu dute hakatoian dantza eginez: Irene Caminos, Nerea Eizagirre, Xabi Prieto eta Imanol Agirretxe. Lehenik eta behin Caminosek hartu du hitza: "Kirola egitea gustatzen bazaizue, aurrera egin. Errespetatu zuen artean, eta garrantzitsuena ondo pasatzea eta disfrutatzea da". Atzetik Agirretxek hitz egin die gaztetxoei eta gurasoei: "Garrantzitsuena kirola egitea da, errespetuz eta lasaitasunez. Batez ere, gurasoek, kirolak transmititzen dituen balore horiek transmititu behar dizkiete seme-alabei. Kirola, kirola izan dadila eta ez dezagun urrundu kirol soiletik". Egunerokotasunean txikiak eta handiak errespetatzeko eskatu du, eta kirolarekin disfrutatzeko.
Adi-adi entzun dituzten hitz horien ostean, guztiek egin dute haka dantza Trianguloa plazan. Eta bukatzeko, argazkiak ateratzeko aukera eta ilera oso luzea izan bada ere, guztiek atera ahal izan dute argazkia Goazen telesaileko aktoreekin eta lau kirolariekin.