Hakatoia, kirolean jarrera oldarkorrak alde batera uzteko

Imanol Garcia Landa 2019ko urt. 17a, 11:00

Christian Fernandez, Patxi Amantegi eta Xabier Saizar, aurkezpenean.

Haka dantza egingo dute Eskola Kirolean parte hartzen duten ehunka haurrek larunbatean, Trianguloan, kirolean izaten den indarkeriaren kontrako mezua sendotzeko.

Eskola Kirolean parte hartzen duten ehunka haur elkartuko dira, larunbatean, 11:00etan, Tolosako Trianguloa plazan egingo duten Hakatoian. Ekitaldian Haka izeneko dantza egingo dute, kirolean izaten den indarkeriaren kontrako mezua sendotu, eta kirolaz gozatzeko eskubidea aldarrikatzeko, modu positibo batean. Tolosako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eskola Kirola komunitateak antolatu dute egitasmoa, elkarlanean.

Zeelanda Berriko maori tribuen guda dantza da haka. Ongietorri dantza bezala erabiltzen dute eta abegikortasunaren seinale da. Eskola Kirolean parte hartzen duten haurrak protagonista bihurtu nahi ditu egitasmoak eta, gogora ekarri, partidetara joaten direnei harmailetan goza dezaten eta epaile, entrenatzaile nahiz jokalarien aurkako jokabide oldarkor eta bortitzak alboratu ditzatela.

Larunbatean, Tolosaldeko Eskola Kiroleko kideez gain, bertan egongo dira Xabi Prieto eta Imanol Agirretxe Realeko jokalari ohiak, Nerea Eizagirre Realeko jokalaria, Irene Caminos trial bike-eko txirrindularia eta Goazen telesaileko zenbait aktore ere.

Trianguloa plazan bertan egin dute Hakatoiaren aurkezpena. Patxi Amantegi Tolosako alkate ordeak nabarmendu duenez, egitasmoarekin «kirolaren balioak nagusitzea» nahi dute, eta «bestelako jarrerak alboratzea». Egitasmo horren atzean Eskola Kirola komunitatea dagoela ekarri du gogora Amantegik. 25 urte dira sortu zela, haur eta gaztetxoak kirol mundura hurbiltzeko helburuarekin. Amantegik azaldu duenez, helburua arrakastatsu bete du: «Aukera eman die kirol eskaintza ezagutu, praktikatu, eta ondoren gustukoenean sakontzeko».

Bide batez, Tolosako alkate ordeak azaldu du, bide horretan jarraituko dutela, eta irmoa dela programarekiko apustua: «Uste dugu, kirol aniztasuna sustatu eta balore hezitzaileak bultzatzea kirolaren etorkizuna bermatzea dela. Zentzu horretan, eskerrak eman nahi dizkiet, udal ordezkari naizen heinean, kirol elkarte eta ikastetxeei, beraiek baitira Eskola Kirolaren oinarria».

Mila haur inguru
Xabier Saizarrek hitz egin du Eskola Kirolaren eskualdeko koordinatzaileen mahaiaren ordezkari gisa. Bat egiten dute egitasmoarekin: «Bere helburua oso garbia eta zuzena iruditzen zaigulako, kirolak dituen balio on horiek transmititzen dituelako. Parte hartzaileak ikasleak berak izango diren arren, mezua ez da beraientzat bakarrik ez da mezua. Izan ere, mezua gehiago da helduontzako.Askotan kirolaren alde on guzti horiek estaliz, gauza txar asko ateratzen direa harmailetan eta hainbat kirol ekitalditan».

Saizarrek azaldu duenez, Eskola Kirolaren mahaian, askotan, zalantzan jartzen dute herritarrek ezagutzen ote duten, Eskola Kirolaren helburua. «Eskola adinean daudenak ahalik eta kirol aukerarik zabalena izatea, denontzako kirola izatea, kirol pilo bat probatzea, gero etorkizunean kirola edo jarduera fisikoa egiten jarrai dezaten. Helburua ez da errendimendu handiko kirolariak ateratzea».

Bestalde, hain eremu zabala zenbakitan jarri nahi izan du Saizarrek. Tolosaldea bailaran mila haur inguru aritzen dira. Horiek guztiak hezten dabiltza ehun begirale inguru, eta hamabi koordinatzaile. Horrez gain, udaletako langileak, klubetako kideak eta aldundiko langileak aritzen direla azaldu du Saizarrek: «Horrek erakusten du bere bolumena».

Saizarrek gogora ekarri du, aurtengo denboraldiaren hasieratik, partiden hasieran zein bukaeran martxan jarri dutela, Eskola Kiroleko kide guztien artean elkarri eskua emateko praktika, indarkeriaren kontrako mezua zabaltzeko egitasmoarekin bat eginez.

Christian Fernandez Tolosako Kirol zinegotziak ere hitz egin du aurkezpenean, eta Eskola Kirola «balore positiboak, errespetuzkoak, laguntasunezkoak eta indarkeriaren aurkakoak transmititzeko kanal oso garrantzitsua» dela esan du, «gizartearen kontzientziazioa lortzeko». Balore horiek zabaltzeko haur, guraso eta herritar guztiak gonbidatu ditu larunbateko ekitaldira, «gizarteari ozenki esateko, umeek nahi dutena kirolaz gozatzea dela, indarkeriarik gabe».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!