Egoitzen auzian esku hartzeko eskatu die, LABek, BBNNei

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko urt. 17a, 12:59

Sindikatuak Gipuzkoako adinekoen egoitzetako zerbitzua aitortzea nahi du; balizko hitzarmen bat erregistratu dute, batzar nagusietako egoitzan.

Bi urte baino gehiago dira, Gipuzkoako adinekoen egoitzetako mahai negoziatzailea osatu zutenetik. Oraindik «proposamen seriorik gabe» daudela azaldu dute. Zerbitzuak kontziliazioa errespetatzea, langileen egonkortasuna bermatzea, eta herritarren osasuna prebentzio neurrien bitartez ziurtatzea nahi dutela azaldu dute sindikatuko langileek.

Urriaren 26an, patronalek proposamena aurkeztu zieten, baina ez zuten nahikotzat jo. «Soldatetan bi urteko izoztea, gure aldarrikapenetatik urrun geratzen zen proposamena zen». Gerora, kolektiboki erantzun zuten, zentroetan eta kalean, mobilizazio eta greba deialdiekin.

Patronalek abenduaren 11rako beren proposamena birplanteatuko zutela agindu zieten, baina ez zen horrelakorik gertatu, antza. «LAB sindikatutik patronalen jarrera salatu genuen, eta ordezkaritzaren gehiengoa duen sindikatuari ere aipamena egin genion, ez zelako bilerara etorri, negoziazioak blokeatuz. Hilabete geroago mahai negoziatzailea biltzeko deialdi berri bat egin genuen, baina, gure harridurarako, bertan behera geratu zen».

LAB sindikatuak salatu nahi du, egoera hori inposatu egiten dietela: «Foru aldundiak, oraindik herrialdeko hitzarmenik onartu ez digulako; patronalek, zerbitzua merkantilizatzen dutelako eta, ELA sindikatuak, negoziaketei eta sindikatuoi errespetu falta erakutsi digulako». Izan ere, ELA sindikatuak, behin eta berriz, errepikatu die ez dela esertzeko unea. «Aldi berean, jakin badakigu, modu ezkutuan patronalekin negoziatzen ari direla».

LABek bilera eskaera egin die batzar nagusietako hainbat talderi. «Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu diogu, dagozkion ardurak har ditzala, eta eman ditzala eman beharreko pausoak, herrialdeko hitzarmena egon dadin».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!