Iñaki Calvillo: "Gatazka honetan Hezkuntza sailak badu zer esana"

Iñigo Terradillos 2019ko urt. 16a, 19:59

Iñaki Calvillo, Herrikideko langile ordezkaria

10 urte daramatzate Kristau Eskolako langileek lan hitzarmena berritu gabe eta soldatak izoztuta. 200 ikastetxeetan, 9.000 langile inguruk, akordiorik lortu ez dutenez, protestara jotzea erabaki dute. Guraso batzuk ez daude konforme, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak zerbitzu minimoak handitzeko eskatu du. Ikastetxe bakoitzean, banan-banan egin dituzte bozketak greba egin edo ez erabakitzeko. Tolosaldean, Herrikide ikastetxean, irakasleen %30ak greba egingo du, gaur, bihar eta etzi. Langileen ordezkari, Iñaki Calvillok eman ditu azalpenak.

Zer-nolako eragina izango du greba deialdiak Herrikiden?

Haur eskolan dabiltzan hamar irakasleetatik seik egingo dute greba hiru egunotan. Haur Hezkuntzan dabiltzan 45etatik 24k eta DBH eta Batxilergoko 40 irakasleetatik bakarrak egingo du. Orain arte, ez da posible izan patronala eta sindikatuen arteko elkarrizketa eta horregatik astelehenean bildu eta bozketa egitea erabaki genuen. Iraupenaren inguruan ardura eta kezka ere badugu eta zortzi egun izan beharrean, batzuei gehiegi iruditzen zitzaien, eta gora eta behera ibili ondoren, ostirala arte, hiru greba egun egitea erabaki dugu.

Guraso elkarteak protestan ibili dira, zortzi eguneko iraupenarekin.

Norberak bere aldera ikusten du egoera. Ikusita, hamar urteko hitzarmena ez dela berritu, badirudi azkeneko pauso hori egiten ez bada, ez dagoela mahai baten bueltan esertzeko aukerarik.

Eskolak prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko orduak eskatu dituzue.

Bai, azken finean, hezkuntza aldatu egiten da, metodologiak aldatu egiten dira eta horrek eskatzen du beste denbora bat. Zama eta karga bat dauka lanketa horrek eta orduak behar ditugu.

Haur hezitzaileek eta hezkuntza laguntzako espezialisten egoera zein da?

Ordu asko sartzen dituzte. Egoera hobetzea eskatzen dugu. Batez ere, irakasle horientzat, ordu osagarrien eskaera dago.

Eredu bat ere eskatu duzue, balizko itxieren aurrean.

Horrelako egoera bat gertatuko balitz, eta eskola bat itxiko balitz, Kristau Eskola osatzen dugun irakasleriaren artean, nolabait kanpoan geratzen den hori, beste eskola batean kokatzeko aukera aztertzea eskatzen dugu.

Nola ikusten duzu gaurtik aurrera egingo duzuen greba?

Herrikide eskolan, umeen arteko gatazka sortzen direnean Adostokia izenekoa dugu. Adostokian, hitza da arma eta akordioak lortzeko, ezinbestekoa da hitz egitea eta elkarrizketa sortzea. Itxaropentsu nago, hitz egin ondoren ea zerbait aurreratzen dugun. Ea posible den hitzarmen berri bat. Bestetik iruditzen zait, arazo edo gatazka hezkuntza mundukoa dela eta Hezkuntza sailak baduela zer esana.

Nola izango da egoera hiru egun hauetan?

Greba egiten dugun kasuan zerbitzu minimo batzuk daude eta horiek beteko dira. Ikasleek bertaratzeko aukera izango dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!