Oraingoz ez da apusturik izango

Tolosaldeko Ataria 2019ko urt. 5a, 10:14
Aitzol Atutxa, Asteasuko Usarrabi frontoian jokatu zen 2016ko Urrezko Aizkolari Kopako finalean. TOLOSALDEKO ATARIA

Aitzol Atutxak atzo sare sozialetan adierazi zuen gaur ez dela Tolosako Kantabriko tabernara azalduko. Berez, gaur zen erabakitzekoa dimarrak Iker Vicente otsagabiarrak botatako desafioa onartzen zuen ala ez.

Herri kirol zale askok mendeko apustua izendatuta duten desafioa, oraingoz behintzat, ez da burutuko. Aitzo Atutxak, atzo idatzitako txio baten bitartez iragarri zuen gaur ez dela Kantabriko tabernan izango. Gaur arratsaldeko 18:00etatik 19:00ak bitarte, Iker Vicenteren taldea, Atutxa eta bere kideen zain egotekoa zen, baina atzoko albistea baieztatu da gaur goizean.

Vicentek botatako proposamena honakoa da: 60 ontzako 20 enbor bizkorren nork ebaki. Gainera, Tolosako zezen plazan izatea nahi zuen, apirila baino lehen. Atutxak ez du aipatu zein izan den ez azaltzearen motiboa, baten bat baldin bada.

Atutxa bost aldiz izan da Euskal Herriko txapeldun, eta Vicentek azken bi txapelketetan bigarren postua lortu du; hain justu, Atutxaren atzetik. Arantza txiki bat geratu zitzaiola eta, "atera beharra sentitu dudalako bota diot desafioa", zioen otsagabiarrak duela gutxi. Egungo bi aizkolari onenak direla esaten da, eta ikusmin handia egon da, azken hilabeteetan, bien arteko desafiorik egingo zen ala ez jakiteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!