Herriko zazpi gunetan, ehun postutik gora izan dira. Beraz, zer ikusteko eta zer erosteko aukera izan dute bisitariek. Urteko azken azoka berezia izan da gaurkoa, eta nabaritu da jendearengan. Gabonen aurretik, azken erosketak egitera bertaratu da jendea.
Zazpi gunetan banatu da azoka: ohiko Zerkausiko, Berdura Plazako eta Euskal Herria Plazako postuez gain, Trianguloan, San Frantzisko pasealekuan, Alondegia Plazan eta Plaza Zaharrean ere izan dira salmenta guneak.
Triangulo plazan 36 postu izan dira, batik bat, elikagaienak. Alondegia, berriz, animali eta abereak ikusteko gunea izan da, baina elikagaien 30 postu inguru ere izan dira bertan. Plaza Zaharrean, berriz, Peio Urdapilletaren Euskal Txerriak izan dira, eta horiekin egindako pintxoak dastatzeko aukera ere izan dute gerturatu direnek. Saskiak eta egurrez egindako bestelako eskulanak ere izan dira salgai. San Frantzisko pasealekua, bestalde, artisautzaren gunea izan da.
Gaurko goiza, ordea, ez da salerosketan aritzeko soilik izan; musikaz ere alaitu dituzte kaleak. Benta Zaharreko Mutil Alaiak musika taldeak eta Tolosako Giro Arte Dultzainero taldeak girotu dute kalea.