Tolosako Azokak baduelako zer kontatu

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abenduaren 22a

Tolosako Azokari buruz idatzitako liburua aurkeztu dute, goizean, Zerkausian. Bertan, Olatz Peon alkatea, Joxemi Saizar kazetaria eta Joseba Urretabizkaia argazkilaria izan dira, besteak beste. Azken bi hauek egindako lana da liburua.

"Lehenengo sektorearen erakusleiho da Azoka, eta ekoizleak eta erosleak harremanetan jartzen dituen eremua ere bai", adierazi du Olatz Peon alkateak, hitzaldiari ekiteko. Herrian eta eskualdean dugun ekosistema zaintzeko, baserritar eta nekazarien lana "beharrezkoa" dela ere azpimarratu nahi izan du, eta liburuak, zati handi batean, "haiei eskerrak emateko" balio dezakeela ere aipatu du.

Azokaren erronkak, kontsumo ohiturei aurre egitea, belaunaldi berrien inplikazioan eragitea, eta tokikoak, kalitatezkoak eta garaian garaikoak diren produktuen eskaintza zabala bermatzea direla azaldu du Peonek.

Patxi Zaratek, ekoizleen izenean hartu du hitza gero. "Ohore bat da niretzat lan honen parte izatea. Liburu hau, istorio baten argazki bat da, omenaldi txiki bat". Alkateak esandakoari jarraituz, erronkei aurre egiteko, esku artean duten balioa handia dela eta, hori zaindu eta sustatu behar dutela nabarmendu nahi izan du.

Hitzaldiarekin amaitzeko, Joxemi Saizarrek liburuaren egilea izanik, eskerrak eman nahi izan dizkiete proiektuan parte hartu dutenei, baita Tolosako Udalari ere, emandako laguntzagatik. Ondoren, lanaren muina azaldu du. Testu askorik ez duen liburua da, argazki koloretsuez betetakoa, historiari buruzko xehetasun batzuk dituena, larunbatero parte hartzen duten ekoizleen adierazpenekin osatutakoa. "Kanpotik etortzen diren bisitari askok esaten dute, hau galduz gero, damutuko garela. Zaindu eta mimatu beharreko altxor bat dugula esku artean". Eta horrela amaitu du: "Larunbatero izaten da zerbait herri honetan, baino larunbateroko muina hau da".

Azkenik, argazkia atera ostean, aurkezpenean parte hartu dutenak, Azokan zehar itzuli bat egin dute, bertan bildu diren nekazari eta baserritarrei liburu bana emateko. Aurrerantzean, liburua eskuragarri izango da Babel liburu dendan.

Erlazionatuak

Gabonetakoa, guztietan bereziena

Josu Artutxa Dorronsoro 2018 abe 22 Tolosa

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!