Euskal Barrokensemble: 10 urte eta lehen aldiz Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2018ko abenduaren 21a

Topic zentroko aretoan Hego koloreak emanaldia eskainiko dute; Miren Zeberio tolosarra ariko da, tartean. 

Euskal Barrokensemblek Tolosako Topic-en amaituko du kontzertu bira, urtea Hondarribia, Badajoz (Espainia), Lieja (Belgika), Braga (Portugal), El Escorial (Espainia), Bilboko Arriaga, Donostiako Kursaal, Bartzelona (Katalunia), Potsdam (Alemania), Fribourg (Suitza), St.Gallen (Suitza), Praga (Txekiar Errepublika), Royaumont (Frantzia), Gliwice (Polinia), Vilnius (Lituania) , Sevilla (Espainia) eta Ubeda (Espainia) aldean pasatu eta gero. 10urteko ibilbidea ospatzeko aitzakia ere izango da, gainera, laukoteak estreinakoz joko baitu, oholtza tolosar batean. 

Kontzertua 20:00etan hasiko da, eta sarrerak eskuragarri daude, oraindik, www.topictolosa.com atarian edo Topic zentroko leihatilan bertan. Horrelta, Hego koloreak errepertorioa eskainiko dute, Euskal Barrokensembleren lehen diskoa oinarri hartuta: "Colores del sur diskak gitarra barrokoarentzako Europa hegoaldeko dantza errepertorioa zuen abiapuntu, eta biharko emanaldiak ere hala izango du". 

Hitzorduaren gidariak honakoak izango dira: Pablo Martin Caminero kontrabaxuarekin, Dani Garay perkusioan, Miren Zeberio tolosarra biolin barroko eta arrabitarekin eta, azkenik, Enrike Solinís guitarra barrokoa, lavta eta laudearekin. Aipatzekoa da, gainera, Xanti eta Miren Nazabal Udaberriko dantzariek ere parte hartuko dutela zenbait abestitan. 

Egitarau "erreza eta koloretsua" eskainiko dutela azaldu dute, edozein publikorentzat egokia. Modu horretan, "musika klasikoa gustatzen zaionak gustuko izango du, eta baita musika barrokoa, jazz-a, flamenkoa, musika herrikoia eta abarrak gustuko dituenak ere". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!