Ehun postu baino gehiago, larunbateko Gabonetako azoka berezian

Ataria 2018ko abe. 20a, 16:00

Herriko zazpi gunetan izango dira postuak, 09:00etatik 14:00ak arte. Azoka bereziaren baitan, gainera, ekitaldi gehiago izango dira.

Urteko azken azoka berezia izango da larunbatean Tolosan, Gabonetako azoka berezia. Zazpi gunetan banatuko da azoka: ohiko Zerkausiko, Berdura Plazako eta Euskal Herria Plazako postuez gain, Trianguloan, San Frantzisko pasealekuan, Alondegia Plazan eta Plaza Zaharrean ere izango dira.

Triangulo plazan 36 postu izango dira, batik bat, elikagaienak. La Jara elkarteak, esaterako, Extremadurako produktuen mahaia jarriko du. Tolosako hainbat komertziok ere izango dute beren txokoa.

Animalien plaza izango da Alondegia. Euskal artzain txakurrak, Galloway arrazako behiak, alpakak edo astoak ikusteko aukera izango da. Gainera, elikagaien 30 postu inguru izango dira eremu horretan. Plaza Zaharrean ere ez da animaliarik faltako. Peio Urdapilletaren Euskal Txerriak izango dira bertan, eta horiekin egindako pintxoak dastatzeko aukera ere izango da. Saskiak eta egurrez egindako eskulanak ere izango dira. San Frantzisko pasealekua, berriz, artisautzaren gunea izango da, 45 postu ikusteko aukera izango baita.

Azoka eguna, Benta Zaharreko Mutil Alaiak musika taldeak eta Tolosako Dultzaineroek girotuko dute. Gainera, goizean zehar, Zerkausiko, Berdura Plazako eta Euskal Herria plazako saltzaileei konpota banatuko die udalak, esker ona adierazteko asmoz.

Horrez gain, Tolosako Azokaren inguruko liburua aurkeztuko dute 11:00etan, Zerkausian. Azokaren historiaz gain, saltzaile eta ekoizleen testigantzak biltzen ditu Joseba Urretabizkaia argazkilariaren eta Joxemi Saizar kazetariaren lanak.

Trafiko aldaketak

Azoka dela-eta, trafikoan aldaketak izango dira. Rondila kalea itxi egingo dute, 11:00etik 14:00etara bitartean. Ondorioz, autobusen geralekuak aldatu egingo dira.

Ibilbide luzeko autobusek Rondila 34tik Santa Klarara (Zumardi txikira) aldatuko dute geltokia. TSST autobusak, berriz, Amarotz auzotik sartuko dira Tolosara eta geltoki hauek izango dituzte: Zezen plaza, Nafarroa etorbidea, Jon Andoni Irazusta (biala) eta Larramendi.

Tolosaldeko autobusek ere geltokiak aldatuko dituzte: Rondila 34tik Santa Klara (Zumardi txikira) mugitzen da, eta zerbitzuz kanpo izango dira San Frantzisko elizako eta Geltoki kaleko zerbitzuak.

Azkenik, hiribusaren Rondillako geltokia ere Santa Klarara mugituko dute. San Frantzisko elizakoa, aldiz, Foruen etorbidera pasako dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!