Aurrekontua adostasunez onartzeko «oinarriak» ikusten ditu EH Bilduk

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko abe. 20a, 09:52

Udal gobernuaren proiektuari 14 proposamen egin dizkio oposizioak; besteak beste, 65 urtetik gorako tolosarren pentsioak duintzeko diru laguntzak sortu nahi dituzte

Tolosako Euskal Herria Bilduko udal taldeak bere ekarpena egin nahi izan dio, joan den astean udal gobernuak plazaratutako aurrekontu proposamenari. Horrela, Lore Agirrek eta Inaki Irazabalbeitiak jakitera eman dute, guztira 14 egitasmo «egingarri» helarazi dizkiotela EAJ eta PSE-EEren udal gobernuari. Datorren abenduaren 27ko osoko bilkuran jorratuko dute aurrekontuaren gaia eta, EH Bildu baikor azaldu da komunikabideen aurrean: «Oinarri sendoak ikusten ditugu aurrekontua adostasunez onartzeko, betiere, gure proposamenak aintzat hartzeko saiakera ikusiz gero».

Olatz Peonek, udal gobernuaren izenean, 26,8 milioi euroko aurrekontu proposamena mahai gaineratu zuen joan den astean. Inaki Irazabalbeitiak «aldaketa» bat ikusi du gobernuaren egiteko moduetan: «Aurten aurrekontu zehatzagoa osatu dute, eta inbertsioak islatu dituzte hasieratik; agintaldiko aurreko urteetan, asmoak asmo ziren proposamenean, baina zehaztasunik gabeko ideiak ziren»

Bide horretan, oposizioko udal taldearen iritziz, «EH Bilduk azken urteotan mahai gainean jarri izan dituen aukera zenbait» baliatu ditu EAJren eta PSE-EEren udal gobernuak, hurrengo urteko proposamen ekonomiko-politikoa osatzeko: «Sevendenea musika taldeen entseguetarako egokitzea; turismo bulego berria egitea; etxebizitza hutsen alokairua sustatzeko diru poltsa; merkataritza saila sortzea; eta, azkenik, Uzturpe pilotalekuko teilatua eta azpiegiturak txukuntzea».

DIRU LAGUNTZAK PENTSIOEI

Aurrekonturako egindako 14 proposamenetatik lau azpimarragarrienak iragarri dituzte agerraldian, eta tartean da 65 urtetik gorako herritarren pentsioak osatzeko diru laguntzarena. «Tolosarren bizi baldintza duinak bermatzea da udalaren egitekoa eta, horretarako, 160.000 euroko diru poltsa gordetzea egingarria da».

Lore Agirrek ohartarazi du, Azpeitiko Udalak martxan jarri duela antzeko proiektu bat, 2018an barrena eta, horrela, aipaturiko diru laguntzak banatzeko oinarriak ere zehaztu dizkiote udal gobernuari.

Eusko Jaurlaritzak premia larria duten herritarrentzat bideraturiko diru poltsa handitzea erabaki zuen, iaz, Tolosako Udalak. Ordea, EH Bilduk gutxieneko pentsio bat nahi du: familia unitate bakoitzeko 1.080 euro.

KULTUR ETXEAN LIBURUTEGIA

Udal eraikinak aztertu eta egokitzeko proiektua martxan dela-eta, EH Bilduren iritziz «udal gobernuak bere lehentasun propioak argi markatu ditu» aurrekontu proposamenean.

Beren arabera, 2019an kultur etxea eraberritzeko proiektu bat egitea egokiena litzateke, udal liburutegia bertan jarriz eta, horrela, liburutegi berri baten beharrari ere erantzunez.

LURZORUA EROSI, SAN ESTEBAN BERRITZEKO

Tolosako plan orokorra berritzeko lanak geldirik daude azken lau urteotan eta, horrela, San Esteban auzoa gai errepikakor bilakatu da udal taldeen proiektuetan. Lore Agirrek dio «auzo horrek ezin duela gehiago itxaron» eta, beraz, ondo legokeela auzoko lurzorua erostea, esku-hartzeak egin ahal izateko.

ENERGIA BERRIZTAGARRIAK

Udalak energia berriztagarrien alde «pauso sendoago bat ematea» da EH Bilduren nahia. Horrela, proposatu dute, udal eraikinetan berriztagarriak ezartzeko azterketa egitea, eta etxebizitza blokeetan energia berriztagarri komunitarioa jartzeko diru laguntza abiaraztea.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!