Udal gobernuak 26,8 milioi euroko aurrekontua proposatuko du

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko abe. 18a, 09:03

Proiektu nabarmenenak Zumardi Txikiko espazioa berreskuratzeko asmoa eta Rondilla kalearen berrurbanizazio proposamena izango direla azaldu du Olatz Peon alkateak

Urteko azken osoko bilkuran eztabaidatuko du, Tolosako udalbatzak, 2019. urteko aurrekontua. Bilkuraren aurretik, ordea, udal gobernuak bere proposamena plazaratu nahi izan du, Olatz Peon alkatearen eskutik. 26.817.000 euroko aurrekontua osatu dute, eta alkateak garrantzi berezia eman nahi izan dio: «Agintaldiko azken aurrekontua izango da, eta aukera ematen du lau urtean egindako bidea erakusteko».

Udalaren erronka nagusitzat jo du, udalbatzak, «Tolosarren beharrei erantzutea» eta, horrela, plangintza orokorrekin batera defendatu dute, «epe motzera begirako proposamen baten beharra» ere, «udal administrazioa martxan jartzeko». 2019. urtea udaletik kudeatzeko, beraz, 26,8 milioi euroko aurrekontu proposamena egingo du EAJren eta PSE-EEren udal gobernuak; iazko aurrekontua %6,64 igo nahi dute.

Baliabide ekonomiko horiek lau esparru nagusitara bideratu nahi dituzte eta, horrela, honako lan-ildoak osatu dituzte: tolosarren ongizatea; enplegua eta ekonomia; mugikortasuna eta ingurumena; eta, azkenik, zekarkako gaiak.

Hurrengo urteko aurrekontu proposamena jakitera emateko agerraldian, Olatz Peon alkateak argitu du Euskal Herria Bilduko oposizioko taldeari helarazi diotela beren plangintza, «haiek ekarpenak eta proposamenak egin ditzaten».

ORIAKO FAMILIA ELKARGUNEA, TOLOSAN

Gizarte Zerbitzuen aurrekontua %3 igotzea proposatuko dute eta, horrela, lan esparru honek 2.770.000 euro izatea, «zerbitzu hobea eman ahal izateko». Olatz Peon alkateak nabarmendu du, Gizarte Zerbitzuen Mapako ia zerbitzu guztiak dituela Tolosak, eta mapa hori osatzea dutela helburu: eguneko zerbitzua nahiz tutoretza martxan jarri nahi dituzte.

Bide horretan, udalak hitzarmena sinatuko du, jaurlaritzarekin, Tolosak Oria bailarako Familia Elkargunea har dezan. Gorosabel eraikinean edo musika eskolan ezarriko dute puntua, arazo edo gatazkak dituzten familietako haurren bisitak kudeatzeko.

Gazteen emantzipazioari bultzada bat eman nahian, 320.000 euroko diru poltsa osatu nahi dute bi urtetarako, alokairuzko etxebizitza berriak sortzeko. Eta, beste zenbait egitasmorekin batera, Alondegia plazan estalpe bat egitea proposatuko dute EAJk eta PSE-EEk, «jarduera gehiago sustatzeko».

Aipatzekoa da, azkenik, aurrez bidea egiten ari diren bi proiektu lantzeko asmoa duela, 2019an: Sevendenean gazteen entsegu lokalak egokitzearena, eta Emakumeen Etxearena.

TURISMO BULEGO BERRI BAT

Orain arte garatutako proiektuen hariari tiraka jarraituko dutela argituz, 2019an barrena Tolosako udal gobernuak turismo bulego berri bat sortzeko asmoa ere iragarri du.

Bide beretik, establezimenduetako belaunaldi aldaketak errazteko plana lantzen jarraitu nahi dute, besteak beste.

ZUMARDI TXIKIA BERRESKURATZEAZ

Tolosatzen parte hartze prozesuan du jatorria, Zumardi Txikiko espazioa gaur egungo erabileratik aldendu, eta herritarren aisialdirako gune bilakatzearen ideiak. Horrela, udalak azterketa bat garatu du jada, eta udal gobernuak gaiari heldu nahi dio hurrengo urtean, Zumardi Txikian «zirt edo zart» zerbait egiteko: «Plan bat diseinatuko dugu eta, plan horretan, gaur egungo aparkalekua non koka daitekeen ere zehaztu beharko dugu».

Hirigintzari begira, Rondilla kalearen eraberritzea da aurrekontu proposameneko proiektu garrantzitsuenetako bat. Olatz Peonen ustez «udalerriko bizkarrezurra» da Rondilla, eta lehentasuntzat jo du berau «irisgarriago eta atseginago» egitea.

BERDINTASUNEKO NAZIOARTEKO BILTZARRA

Aurrekontu proposamenean zeharlerrotzat hartu ditu, udal gobernuak, euskara eta parekidetasuna. Horrela, agerraldian azken osoko bilkuran onartutako euskara plana gogora ekarri du Olatz Peonek; udal langileen lehen hizkuntza euskara izatea sustatuko dute, besteak beste.

Parekidetasunera bidean, berriz, alkateak uste du agintaldi hau «mugarri» izaten ari dela Emakumeen Etxea sortzeko prozesuagatik: «Lan horri esker, besteak beste, Tolosak hartuko du foru aldundia prestatzen ari den Berdintasunerako Nazioarteko Biltzarra».

Tolosako udalbatzak datozen asteotan eztabaidatuko ditu proposamen nagusiok eta beste hainbat, osoko bilkuran, 2019. urtea marrazteko. Datorren maiatzeko udal eta foru hauteskundeak direla-eta, egungo udalbatzak onartzen duen azken aurrekontua izango da aurtengoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!