Aurten, basotik dator Eguberria

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko abe. 14a, 13:00

Gabonen bueltan Tolosako eragileek prestatutako egitaraua aurkeztu dute, Elosegi parkean; bertan ondu dute, estreinakoz, Olentzeroren basoa, Zumardia elkartekoek. 

Inoizko eguberri bukolikoenak izango dira aurtengoak, Tolosan: basoan hasiko dira, eta basotik zabalduko, etxe eta kale artera. Elosegi partean Olentzeroren basoa ezagutzeko aukera izango baitute, astelehenetik aurrera, haur eta gaztetxo tolosarrek. Zumardi elkarteak antolaturiko proiektua berrikuntza nabarmenena izan da, baina beste bost eragilek ere beren proposamenen berri eman dute agerraldi batean. 

Olatz Peon Tolosako alkateak aurkeztu ditu guztiak, azpimarratuz, Eguberrietan bezala, urte osoan barrena eragile tolosarrek egiten duten lana. Horrela, urte amaierako data bereziei begira jarriz, adin guztietako pertsonen neurrira egindako egitaraua izango dela azaldu du. 

Olentzeroren basoak zabalduko du, Eguberri usaina, Tolosara, Elosegi parketik. Zumardia elkartearen proiektuak haur eta gaztetxoentzako ibilbideak antolatuko ditu, datorren astelehenetik ostiralera bitarte eta, Elosegi parkekoa, Olentzeroren unibertsoan barneratzeko ate bat izango da. Itziar Saenz de Ojerrek azaldu duenez, Zumardia elkarteko kideek espazio perfektu bat ikusi zuten Elosegi parkea, halako jarduera bat garatzeko. 

Horrela, Juan Kruz Igerabideren Eguberri liburua oinarri hartu dute, Olentzeroren basoko ibilbide horiez mamiz janzteko: "Altxor bat da liburua, eta euskal literaturako ahozkotasuna jasotzeko balio izan digu". Bisitak 45 minutukoak izango dira, eta talde txikiak antolatuko dituzte, gida banarekin; taldeak 15 minuturo irtengo dira. Basoan barrena, kriseiluek erakutsiko diete bidea bisitariei, eta hainbat pertsonaia irtengo dira Eguberrien bueltako ohitura, tradizio, kantu eta kontu azaltzera. 

Euskal mitologiaren unibertsoak bilduko ditu, beraz, Olentzeroren basoko bisitariak eta, horrela, txondorra, Olentzeroren arropa nahiz etxola ezagutu ahal izango dituzte; bukaeran, gutuna etxola barruan uzteko aukera ere izango da, Zumardia elkarteko kideek azaldu dutenez. 

Izen-emateak martxan dira, eta 750 pertsonatik gora parte hartzeko zerrenda dira jada. www.zumardia.eus webgunean egin daiteke inskripzioa eta, aipatzekoa da, bisitak iluntzean izango direla, abenduaren 17tik 23ra bitarte, 17:30etik 20:00etara. Haur bakoitzarekin, gehienez ere, guraso edo arduradun bakarrak parte hartu ahal izango du ibilbidean, talde txikien logikari eutsi ahal izateko. 

Ibilbide magikoaz gain, Tolosako Eguberriak betiko koloreak hartuko ditu aurten ere, kulturaren bueltan eta, Tolosako Udalak, Tolosa&Co merkatari elkarteak, Tolosako Ekinbide Etxeak eta Gazte Topaguneak hitzordu zerrenda luzea osatu dute elkarlanean.  

Gabonetako egitaraua

Urtarrilaren 7ra bitarte

11:00-14:00 / 17:00-20:00

Eguberrietako karrusela, Trianguloa plazan.

Abenduaren 22a

18:30

Joyfull Gospel Choir eta txokolate jatea Berdura plazan.

Abenduaren 23a

17:00

Udare erraldoiaren istorio harrigarriafilma, Leidor aretoan.

Abenduaren 24a
17:30

Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera, Plaza Zaharretik irtenda.

Abenduaren 26a

17:00-20:00

Gazte Topagunean jolas librea

18:30

Musika eskolako ikasleen kontzertua, Topic zentroko aretoan.

Abenduaren 27a

17:00-20:00

Gazte Topagunean Suffle Just Dance ikastaroa.

Abenduaren 26, 27 eta 28a

11:00-13:30 / 16:00-20:00

Puzgarriak eta haur parkea Zerkausian, 3 eta 12 urte bitarteko haurrentzat.

Abenduaren 26, 27 eta 28a

09:30-13:00

3, 2, 1, grabatzen!tailerra, Topic zentroan, 6 urtetik gorako haurrentzat.

Gure Zirkuko haur tailerrak zezen plazan. Izen-ematea Tolosa&Coren egoitzan.

Abenduaren 28a

11:00

Gazte Topagunetik izotz jauregira irteera.

17:00

Sun magoa: Magic espectacularikuskizuna, Leidor aretoan. 

Abenduaren 29a

17:00

Animales fantásticos: Los Crímenes de Grindelwaldfilma, Leidor aretoan.

22:30

Rural Zombies taldearen kontzertua Zerkausian.

Abenduaren 30a

16:30-20:30

Gazte Topagunean urte amaierako festa.

17:00

Ralph rompe internetfilma, Leidor aretoan.

Urtarrilaren 2, 3 eta 4a

Gure Zirkuko haur tailerrak zezen plazan. Izen-ematea Tolosa&Coren egoitzan.

Urtarrilaren 2a

17:00

Animales fantásticos: Los Crímenes de Grindelwaldfilma, Leidor aretoan. 

Urtarrilaren 3a

17:00

Kiliklon: Gurekin etorri nahi?Antzezlana, Leidor aretoan. 

Urtarrilaren 4a

17:00

Ralph rompe internetfilma, Leidor aretoan. 

18:30

Zergatik bizi da basoan Txanogorritxoren amona?txotxongilo ikuskizuna, Topic zentroko aretoan.

Urtarrilaren 5a

18:30.

Errege magoen desfilea.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!