500 euroko gozokiak banatuko ditu Tolosa&Co elkarteak

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko abenduaren 11

Eguberrietako kanpaina aurkeztu dute eta, promozio nagusiarekin batera, zirku ikastaroa eta kontzertuak izango dira

Ameslarienen gabonak berreskuratu nahi ditu, aurten, Tolosa&Co elkarteak, Eguberrietako kanpainarako aurkeztu berri duten egitasmoarekin. Aurten, gozokiak banatu dituzte elkarteko dendetan, baina horietako batzuk bakarrik izango dira urrezkoak: 500 euroko txekeak izango dituzte barruan, Tolosa&Co elkarteko dendetan erabili ahal izateko.
 
Gaur bertan abiarazi dute gozokien promozioa, baina, horrekin batera, beste hainbat jarduera prestatu ditu, merkatari eta ostalari elkarteak. Izan ere, agerraldian azpimarratu dutenek, gabonen bueltako kanpaina bi norabidetan garatu dute aurten: elkarteko kideei eskerrak emanez, «Tolosari bizia» ematen diotelako, batetik, eta saltokietako bezeroei, bestetik, «bertako komertzioa babesteagatik».
 
Bide horretan, erosketak egiten dituzten bezeroei pegatina, boltsa eta baso-azpikoak banatuko dizkiete, Komertzio txikian egina, Zaindu Tolosa eta Txikia izanik asko maite zaitut leloak baliatuz. 
 
Urteroko moduan, musikari ere tartea egin nahi izan diote Eguberrietako oporraldian, eta abenduaren 22an izango da lehen hitzodua, 18:30ean, Berdura plazan. Joyfull Gospel Choir talde gasteiztarra ariko da, eta txokolate beroa banatuko diete bertaratuei. Hilaren 29an, berriz, 22:30etik aurrera, Rural Zombies taldea ariko da Zerkausian. 

Zirku ikastaroa

Gabonetako kanpaina haurrei begirako eskaintza tentagarri batekin itxiko du Tolosa&Co-k. Gure Zirkuarekin elkarlanean, ikastaroa antolatu dute, bi txandatan, eta izen-ematea abenduaren 13an zabalduko dute, 08:00etatik 20:00etara bitarte, Tolosa&Co-ren egoitzan, Oriaburu eraikinean. Ikastaroak 30 euroko prezioa izango du. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!