«Akuarela arriskatua da, baina ukitu organikoa ematen dio»

Irati Saizar Artola 2018ko abe. 7a, 09:00

Etorkin batek hizkuntzari ematen dion garrantzia nabarmendu nahi izan du Javier Navarro komikilariak Galtzakomik lehiaketan. Lehen saria eskuratu du, hirugarrenez.

Komiki bat egiteak denbora asko eskatzen duen arren, Ibarra-Galtzakomik lehiaketan parte hartzea garrantzitsua ikusten du Javier Navarro komikilari tolosarrak. Aurten, hirugarren aldiz jaso du lehen saria.

Nola jaso zenuen berria?

Oso pozik. Nire kalkuluen arabera, uste nuen lehenago jakinaraziko zutela irabazlea, eta ez nuela irabazi pentsatua nuen. Behintzat oso gustura nengoen egindako lanarekin, eta konformatzen nintzen. Esan zidatenean, ordea, poz handia eman zidaten.

Ez da lehen aldia parte hartzen duzuna, ezta irabazten duzuna ere.

Ia-ia edizio guztietan hartu dut parte. Huts egin dut pare batean edo, denbora faltagatik. Azken honekin, hiru aldiz geratu naiz lehen postuan, eta beste behin lortu dut bigarrena.

Urteroko zita da beraz, Galtzakomikena.

Bai, noski. Herri ondoan eduki, eta gainera, euskara hutsean dagoen komiki txapelketa bakarra da. Beti denbora faltarekin ibiltzen naiz, baina garrantzitsua iruditzen zait parte hartzea. Gainera, marrazteko dohaina ez galtzeko aukera ere bada, kalitatea mantentzeko.

Aurten, 'Ogibidea' izeneko lana aurkeztu duzu. Zein istorio kontatzen duzu?

Etorkin euskaldun baten pentsamenduak kontatu ditut. Euskaraz bizitzeko arrazoiak adierazten ditu. Etorkin horiei omenaldi moduko bat egiteko baliatu dut. Txikitatik euskaldunak garenok agian ez dugu ikusten esfortzu hori, baina berez, handia eskatzen du. Hizkuntzarekiko maitasun hori islatzeko, aukera polita ikusi nuen.

Gaia zein izango zen esan zizutenean, hasieratik izan zenuen ideia argi?

Aldatzen joan nintzen. Hasieran, sentimenduei begirako istorio bat pentsatu nuen, euskara galtzeko beldurrari lotutakoa. Baina, beldurra ez da oso sentimendu konstruktiboa, sentimendu negatiboa bezala ikusten dugu. Eta iruditu zitzaidan euskararekiko daukagun sentimendu hori positiboa behar zuela izan. Beraz, maitasuna jartzea egokiagoa iruditu zitzaidan. Ildo horretatik tiraka etorri zitzaidan ideia.

Estreinakoz, akuarela erabili duzu. Zer moduzko esperientzia izan da?

Komiki bat egiten dudanean beti esaten nion neure buruari ez errepikatzeko; berritu eta aurrera pausoak eman behar direla. Marrazten hasi nintzenean ideia banuen akuarelaz margotzearena. Pazientziarekin hartzeko prozesu bat da, eta hasieratik koloreekin seguru bazaude, emaitza begien aurrean doa itxura hartzen. Arriskatua da, baina ukitu organikoa ematen dio.

Aurten 200dik gora lan aurkeztu dira lehiaketan. Zer moduz ikusten duzu komikigintza gaur egun?

Pena da ordea, aurkeztu diren gehienak 17 urtetik beherakoak izatea. Txikitan naturalagoa da marrazkiak edo komikiak egitea. Baina hortik gora, jendeak pentsatzen du umeen gauza dela. Hori hausten saiatzea ez da batere erraza. Adibidez, Frantzian kontzeptu guztiz bestelakoa dago. Hangoentzat komikia artea da, eta beste zentzu bat ematen diote. Horregatik dira garrantzitsuak lehiaketa hauek. Ea horrela pixka bat suspertzea lortzen dugun.

Erlazionatuak

Galtzakomik lehiaketak baditu irabazleak

Irati Saizar Artola 2018 aza 30 Ibarra

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!