Galtzakomik lehiaketak baditu irabazleak

Irati Saizar Artola 2018ko aza. 30a, 21:25

Javier Navarro, Amanda Sim eta Paula Ansorena izan dira 200 komiki ezberdinen artean lehen saria jaso dutenak. Inoizko parte hartzerik handiena izan da aurten.

Xi. Galtzakomik komiki lehiaketa iritsi da bere amaierara. 200dik gora lan jaso dituzte aurten, eta gaur banatu dituzte sariak, Ibarran. Hamabi urtez azpikoetan, Paula Ansorena izan da lehen saria eskuratu duena; Euskara bihotzean izenburudun komikiarekin irabazi du. Bigarren saria Aitor Aristirentzat izan da, Kanikak lanarengatik. Horiez gain, aipamena jaso dute Ekhi San Sebastian, Maite Ezkerro, Maria Jometon, Nahia Ansorena eta Nora Ansorenak. Ibarrako komikilari hoberenak ere izan du saria, Irati Larretak jaso du.

Hurrengo adin tartean, 13 eta 16 urte artekoetan, Amanda Simek lortu du lehen postua, Batzen gaituzten hitzak komikiarekin. Bigarren saria, berriz, Eneritz Jauregirentzat izan da; Euskaraz 365 egun, ez 11! lana aurkeztu du. Urte tarte honetan ere, aipamena egin nahi izan diote Maider Eraunzetamurgil komikigileari, eta Ibarrako onenaren sariarekin etxeratu da Mattin Jauregi.

Helduen sariketan, 17 urtetik gorakoetan, bi komikilari saritu dituzte. Lehen postuan Javier Navarro tolosarrak lortu du, Ogibidea izeneko lanarekin, eta Aitor Urkiola ondarrutarrarentzat izan da bigarrena, 365 egun ala ondarrutar komikiagatik. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!