"Justizia sozialeko politika" egiteko borondatez aurkeztu du, bere burua, Andu Martinez de Rituertok

Tolosaldeko Ataria 2018ko aza. 23a, 09:13

EH Bilduk datorren maiatzeko udal eta foru hauteskundeetako hautagaien aurkezpena egin zuen, atzo, Tolosako Zerkausian; Andu Martinez de Rituertorekin batera, Juan Karlos Izagirre diputatugaia aritu zen hizlari.

Lau urteko agintaldian martxan jartzeko balizko proposamenak zirriborratu zituzten, atzo, Andu Martinez de Rituerto eta Juan Karlos Izagirre EH Bilduren hautagaiek. Eider Olazar Elduaienen gidaritzapean, Etor Mendia alkategaiaren lagun minak hartu zuen hitza, lehenengo, Martinez de Rituerto aurkezteko: "Badakit pausoa ez duela erabaki errazena delako eman; bere konpromisoak hala eskatu diolako, baizik".

Horrela, Martinez de Rituertok helburu argia ezarri zien, arloz arloko egitasmo guztiei: "Justizia sozialerako politika egin nahi dugu, tolosar guztioi bizitza duin bat izateko aukera eman". Nabarmendu zuen, halaber, parekidetasuna eta jasangarritasuna zeharkako gai izango direla beren hauteskunde programako asmo guztietan. Besteak beste, honako helburuei heldu nahi die Tolosako EH Bilduk: bertako komertzioa eta ostalaritzaren indartzea; lehen sektoreari eta bertako produktuari irteera berriak ematea; kontsumo ohituren inguruan hausnartzea; osasun sistema kalitatezkoa, publikoa eta euskalduna izatea; hezkuntza ere bide beretik joatea eta, gainera, ikastetxe guztietan aniztasuna orekatzea; belaunaldi berriei prestakuntza teknikoa eskaintzea, izpiritu kritikoa piztearekin batera; eta burujabetza energetikoaren alde egitea. Azkenik, proiektu zehatzei begira, San Esteban auzoa, Alde Zaharra eta Zumardi Txikia hizpide izan zituen.

Bere aldetik, Juan Karlos Izagirrek lan-ildo bertsuak marraztu zituen, aldundiaren eskuduntzatik hurrengo agintaldirako proposamenak garatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!