Indarkeria matxistaren aurkako eguna 2018

Indarkeria matxistaren aurkako egunean, biktimen erreparazioari jarriko dio fokua udalak

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko aza. 20a, 16:05

Azaroaren 25aren bueltako egitaraua aurkeztu dute gaur, eta datorren astearteko osoko bilkuran onartuko dute adierazpen instituzionala irakurri ere bai; larunbatean izango dira hitzordu gehienak, Tolosaldeko Asanblada Feministarekin elkarlanean antolatuta.

Badator beste azaroaren 25 bat eta, horrekin batera, badator beste dejà vu bat: indarkeria matxista salatu eta hari aurre egiteko kalera irtengo dira milaka herritar, egunotan. Tolosako Udalak aurkeztu du indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egunaren bueltan prestatutako egitaraua, eta hitzordu gehienak larunbatean izango dira. Ohiko flashmobarekin batera, Tolosaldeko Asanblada Feministarekin batera, herritarrak deitu dituzte 12:30ean Triangulotik abiatuko den manifestazioan parte hartzera: (In)justiziaren gainetik, saretze feminista.

Olatz Peon alkatearekin batera, Kristina Pelaez eta Cristian Fernandez zinegotziak ere izan dira Aranburu jauregiko agerraldian, eta eraikinean bertan azaroaren 6an inauguratu zuten Emeek emana erakusketari aipamena eginez ekin diote egitarauaren aurkezpenari.

Alkateak azpimarratu du, "Tolosako Udalak bere egiten du(ela) hiria indarkeria matxistarik gabeko gune izateko konpromiso politikoekin". Bide horretan, gogora ekarri nahi izan du Tolosa "aitzindari" dela parekidetasunera bidean, bertan onartu baitzen EAEko Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako I. udal ordenantza.

Orain, ordea, Tolosako Udalak beste zenbait erronka ditu esku artean, eta 2019an barrena hasiko dira horiei heltzen, gaur mahai gainean jarritako gaiaren bueltan: indarkeria matxistaren biktimen erreparazio eskubidea. 2016. urtean Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Tolosako I. Udal Protokoloa osatu zuen udalak, eta hain justu protokolo hori berrikusi eta osatzeko premia ohartarazi du berdintasun sailak; indarkeriaren definizioak zabaldu dituzte eta, horrekin batera, bestelako beharrak sortu dira. Besteak beste, biktimen erreparazioa landu nahi dute, haien aitortza soziala lortzeko, eta gizarteak haien kontaketa aintzatesteko.

Asteartean, aho batez

Aurten, ohiko osoko bilkura azaroaren 25aren ondoren izango denez, udalbatzako ordezkariek prentsaurrekoa baliatu nahi izan dute, Tolosako Udalak onartuko duen adierazpen instituzionala plazaratzeko. Hurrengo urterako helburuari begira, aurtengo adierazpen instituzionalak indarkeria matxistaren biktimentzako erreparazioa izango du hizpide.

Besteak beste, indarkeria matxistak egin duela salatuz, "egiarako eskubidea, entzunak izateko eskubidea eta bi aldiz ez biktimizatzeko eskubidea" aitortu nahi dizkiete indarkeria matxistaren biktimei. Horrela, Tolosako Udalak "ardura sozial eta politikoa" duela ere onartuko dute, indarkeria matxistaren aurrean, hainbat konpromiso hartuz. Besteak beste: Istanbulgo hitzarmenaren markoa Tolosara egokitu eta toki praktikak garatuko dituzte, erreparazioa landuz; emakumeen etxean jarduera eta zerbitzuek gehituko dituzte indarkeria matxista jasan eta jasaten duten emakumeentzat; eskualdeko mugimendu feministarekin elkarlanean arituko dira.

Egitaraua:

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!