Lanaz eta zoriontasunaz ariko da, Andoni Egaña, Leidor aretoan

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko aza. 20a, 08:50

Panelfisa enpresak 25. urteurrena bete du, eta doako solasaldia antolatu dute, larunbat goizean, Leidorren; ostiralean, ate irekiak izango dituzte langile ohientzat

Mende laurdeneko ibilbidea osatu du, Panelfisak, industria jardunean eta, efemeridea ospatzeko, bi hitzordu prestatu dituzte asteburura begira. Ate irekien eguna izango da bata, ostiralean, enpresan bertan, eta lanari eta zoriontasunari buruzko solasaldi musikatu eta dantzatua izango da bestea, Leidor aretoan.

Leire Zubeldia enpresako kideak azaldu duenez, ostiral arratsaldekoa langile eta langile ohiei begirako saioa izango da: «Eskertza ekitaldia izango da, eta Mexikoko lantegiarekin ere zuzeneko konexioa egingo dugu. Azkenik, zenbait makina martxan jarriko ditugu, eta automozioko piezen ekoizpen prozesu hori guztia zuzenean ikusteko aukera izango da».

Larunbateko saioari begira, berriz, proposamen desberdin baten bila joan da Panelfisa, betiko hitzaldi formatu horretatik atera nahian. Zubeldiak azaldu du, askotan hizpide izaten dutela laneko betetasuna, eta horretarako ezinbestekoa dela zoriontasuna: «Erabat ez, baina hori norbere esku izaten da askotan, eta hari horri tira genion. Gai horri buruz nork hitz egin ote zezakeen aztertzen hasi ginen, eta Andoni Egañak bere bizipen pertsonaletatik abiatuta gaiari hel ziezaiokeela pentsatu genuen».

Bertsolari zarauztarraren hitzei, «bizia» ere gehitu nahi izan diote Panelfisako langileek. Horrenbestez, larunbatean, 10:00etatik aurrera, Iñar Sastre piano jotzailea, Aiert Beobide dantzaria eta Elena Aranbarri ariko dira oholtzan, Andoni Egañarekin batera. Solasaldiko sarrera doakoa izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!