«Ardura sentitu nuen, parte hartzeko»

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko azaroaren 16a

Maiatzean hasi ziren lehen bilerak egiten Tolosan, eta ikasturte hasierarekin iritsi zaie, txanpa garrantzitsuena: 11 egun horietarako eskualdea martxan jartzekoa. Ane Izagirre talde eragileko kidea da.

Zergatik hasi zinen Euskaraldia antolatzeko taldean?
Lehen informazio bilerara joan nintzen, eta interesgarria iruditu zitzaidan horrelako egitasmo bat, bai Euskal Herrirako, bai Tolosarako. Euskaldun bezala ardura sentitu nuen, horrelako egitasmo batean parte hartzeko, eta antolatzen laguntzeko.

Zuk zein paper hartuko duzu?
Euskaraldiko 11 egun horietan Ahobizia izango naiz, euskaraz bizi naizelako eta nire ama hizkuntza delako.

Egun horiez kanpo ere saiatzen al zara Ahobizia izaten?
Bai. Egia esan, euskaraz bizi naiz, euskara maite dut eta euskaraz pentsatu eta hitz egiten dut.

Tolosan, herritarrek modu aktiboan parte hartuko dutela iruditzen zaizu?
Tolosa herri bizia da, jarduera asko antolatzen dira eta jendeak ondo erantzuten du. Euskaraldia bezalako egitasmo batek arrakasta izan dezakeela uste dut, batez ere, hainbat profiletako jendea elkartuko duelako, bai adinari, bai hizkuntz ohiturei dagokienez.

Jendea kontziente da aktibazio horren beharraz?
Nire inguruan bizi izan dudanagatik, ez. Gure adineko jendea euskaraz bizi dela iruditzen zaigu eta, oro har, hala da. Baina Euskaraldia garrantzitsua izango da egunerokoan beste hizkuntza batzuetara jotzeko dugun ohituraz jabetzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!