Tolosa, bolada onari jarraipena emanez

Tolosaldeko Ataria 2018ko aza. 13a, 11:19

1-3 irabazi dio Erregional mailako taldeak Hondarribiari, galtzen hasi eta markagailua iraulita. Euskal Ligako taldeak, berriz, ezusteko kolpe gogorra jaso du etxean: 0-3.

Irabazle sena du Tolosa honek. Ez du neurketarik galdutzat ematen. Eta badu eragina horrek, sailkapenean batik bat, gerora garrantzitsu suerta litezkeen puntu ugari pilatzen ari baita astero-astero.

10 jardunaldiren ondoren Ander Avellanedaren taldeak galdu gabe jarraitzen du. Eta bere burua markagailuan atzetik ikusi izan badu ere, uzkurtu beharrean, aurrera jarraitu izan duenaren ondorio ere bada hori. Azken adibidea, joan den asteburukoa.

Galtzen hasi zen Tolosa azken sailkatuaren zelaian, Hondarribian. 30 metrotik sekulako gola sartu zuten bidasoarrek. Bospasei aukera garbi izan arren, 1-0ekoarekin joan ziren aldagelara atsedenaldian. Bigarrenean, ordea, Zabaleta eta Segurolaren aldaketekin planteamendua aldatu eta egoera irauli zuten urdinek, 1-3 irabaziz amaitzera arte.

«Gehien gustatu zitzaidana atsedenaldian aldagelan sumatu nuen giroa izan zen. Hiru puntuak ateratzeko ziurtasun osoa zegoen, denon artean, baita jokatzen ari ez zirenen artean, bultza genien jokatzen ari ziren taldekideei. Mentalki indartsu gaude, guztiok batera lan egiten dugulako», dio Avellanedak.

70. minutuan iritsi zen berdinketaren gola, Lezearen eskutik. Hamar minutu beranduago Ibaik 1-2koa lortu zuen, eta Xepik sartu zuen 1-3koa.

Orain arteko bolada onak baikortasun handia sortu du inguruan: «Gabonetara bitarte lehen postuetatik gertu izatea da helburua, eta Aste Santura iristean ikusiko dugu zertara irits gaitezkeen. Orain arteko borroka eta grina erakusten baditugu, argi dago puntu asko lor ditzakegula».

Larunbatean lanak ematen dituen arerioa jasoko du Tolosak Berazubin, Bergara. «Defentsan gogorrak dira, eta erasorako jende azkarra dute» ohartarazten du entrenatzaile tolosarrak. Ondoren, bi neurketa jokatuko ditu jarraian etxetik kanpo.

Liderraren aurka porrota

Porrot gogorra jaso zuen Euskal Ligako taldeak Pauldarrak liderraren aurka. 0-3 galdu zuten neskek, azken asteotan lehen postuagatik borrokan izan ondoren. Ezustekoa izan zen emaitza, berdegunean ikusitakoak bestelakorik ere erakutsi baitzuen.

Aurten galdu duen lehen neurketa izan da tolosarrena, eta bosgarren jarri dira sailkapen nagusian. Liderra, ordea, bi puntura baino ez dute. Gaitzerdi. «Ez diogu lan egiteari utziko», aitortu du Ainhoa Bengoetxea jokalariak, Aulkitik zutabean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!