Eskultoreen omenaldia Antxon Elosegiri

Ataria 2018ko azaroaren 10a

Gaur eta hemengo eskultoreak erakusketaren inaugurazioa baliatuz, Antxon Elosegik omenaldia jaso du artisten aldetik, Tolosan eskultura zabaldu eta ezagutarazten egin duen lanarengatik.

Aranburu jauregian dagoen erakusketaren inaugurazioan, beraien lanak ikusgai dituzten 19 eskultoreetatik ia guztiak izan ziren. Bakoitzak bere lanari buruzko azalpena eman zuen, erakusketatik bisita gidatu moduko bat eginez. Askotariko materialez egindako artelanak daude erakusketan, eta hauek sortzeko askotariko kontzeptuak erabili dira, artista bakoitzak bere hizkuntza eta sormena jarriz.

Bisita gidatua hasi aurretik egin zioten Antxon Elosegiri omenaldia. Txalo zaparrada jaso zuen eta agurra dantzatu zioten. Elosegik eskertu zuen jasotako omenaldia, eta azaldu zuen beretzako garrantzitsuena dela "herriaren kontzientzia hartzea. Tolosan dauden eskulturak oso ondare ona da, eta zentzu horretan egiten den guztia ona da herriarentzat". Elosegik, bide batez, Aranburun eskulturak eta artelanak jarri dituzten artistei euren lana eskertu zien: "Sentimendua, bihotza, burua jartzen dute; materiala erabaki, zer egin, nola egin... Obrak ikusita, hor daude meritu handia duten artistak".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!