Aranburu eskultore kolektibo berri baten habia izango da, ostiraletik aurrera

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko aza. 7a, 16:50

Azken Muga egitasmoaren baitan, Euskal Herriko 19 artistak Gaurko eta hemengo eskultoreak erakusketa zabalduko dute, ostiralean, abenduaren 7ra bitarte

Zarateko txoko miresgarrian eskulturaren mundua –besteak beste– eraberritzeko saiakerak egin du, honezkero, hiru urteko bidea. Denbora tarte horretan, Balerdiren magalaren eta kalearen arteko zubi ere izan da eskultura, eta aulki erraldoiak eta belar-meta handiak bete izan duten lekuan, 19 artistaren obrek beteko dute, aurten, Tolosako Aranburu jauregian: Gaurko eta hemengo eskultoreak erakusketa aurkeztu dute.

Ostiralean bertan izango da inaugurazioa, eta erakusketa datorren abenduaren 7ra bitarte zabalik izango da, Aranburuko ohiko ordutegian. Proiektua aurkezteko Nuria Carbonell Tolosako Udaleko kultura zinegotzia, Guillermo Olmo eskultorea eta Azken Mugako antolatzaileetako bat eta Gotzon Huegun eskultorea elkartu dira, Aranburuko atarian. Bertan ezarri dute, erakusketako bisitarientzako mokadutxoa izango dena: Alex Morlotezen 5 metroko pieza.

Azaldu dutenez, erakusketako pieza gehienak handiak izango dira, eta ez da gutxiagorako: Gaurko eta hemengo eskultoreak erakusketa bat baino askoz ere gehiago izango da. Gotzon Huegunek argi azaldu du beren gogoa: «1960ko hamarkadan, Oteiza, Chillida, Basterretxea, Mendiburu, Larrea, Ibarrola eta Carrera eskultore belaunaldi baten ordezkari bilakatu ziren, eta ez hori bakarrik; Euskal Herriaren ordezkari ere bai, artearen munduan. Orain, ordea, Oteizaren bilobak izan gintezkeenak lanean ari gara, baina ez dugu kolektibo izaterik lortu». Horrela, beraz, Gaurko eta hemengo eskultoreak proiektua, beraz, Euskal Herriko eskultoreen belaunaldi berriaren presentzia aldarrikatzera heldu da.

Izenak berak emango die, bisitariei, lehen gakoa: GAUR eta EMEN 1960ko artista belaunaldi horrek sortutako bi talde mugarri izan ziren. Horrela, zenbait irizpide marraztu dituzte, «Euskal Herriko eskultura berriaren presentzia bermatzeko» talde berri hori sortzerakoan: «Belaunaldi bertsukoak gara, 45 eta 55 urte bitarteko eskultoreak. Eskulturgintzan ibilbide luzea egina dugun pertsonak gara denok eta, horrez gain, gure obra munduan barrena erakutsi dugu».

Guillermo Olmoren ustez, erakusketa berriak behar bati ere erantzun dio, gaur egun eskultoreek «oso modu bakartian» lan egiten baitute: «Erakustaldi garrantzitsua izango da, eta espero dugu hazi bat izatea, eskulturaren mundua ehuntzen joan dadin».

Gaurko eta hemengo eskultoreak esperimentutzat ere jo dute bi artistek eta, kolektibo bat sortzeko helburuak zein jarraipen izango ote duen ez dakiten arren, «gogotsu eta ilusioz» daudela aitortu dute: «Euskal Herrian lan gutxi eta eskultore asko gaude, eta horrek lehia sortzen du; horregatik, ezinbestekoa da elkarlanari ekitea. Gaur egun, bada nahikoa baliabide harremanak egin eta mantentzeko, eta jende gehiago gugana batzeko ateak zabalik ditugu».

Azken Mugarekin bat eginez, Tolosa gune egokia iruditu zaie eskultore belaunaldi berriaren txinparta pizteko; dena den, Baionara eta Iruñera mugituko da, gero, erakusketa, eta Bizkaian ere egonaldiren bat hitzartzekotan dira.

Azaroaren 9tik abenduaren 7a bitarte, horrenbestez, honako artisten obrez gozatzeko aukera izango da, Tolosako Aranburu jauregian: Corne Nuham, Marijose Recalde, Alex Morlotez, German De los Rios, Guillermo Olmo, Helena Santano, Virginia Sargal, Efren, Pau Montague, Koko Rico, Iñigo Manterola, Victor Arrizabalaga, Gotzon Huegun, Pablo Juarros, Alberto Eskerri, Imanol Andonegi, Regis Pochelu, Gilles Plantade eta Christiane Giraud.

Antxon Elosegiri omenaldia

Ostiralean, 19:30ean inauguratuko dute Gaurko eta hemengo eskultoreak erakusketa, Aranburu jauregian. Bertan izango dira ia eskultore guztiak, eta baita Antxon Elosegi ere, Tolosan eskultura zabaldu eta ezagutarazten urtetan aritutako tolosarra. Besteak beste, Tolosako Ekinbide Etxearen bitartez, Eskulturastea antolatzen hasi zenetako bat da eta, haren haritik, Tolosako hiri paisaiaren zati dira, gaur egun, eskulturak: «Tolosak hiri askok ez duten zirkuitua du, eskulturei dagokienez, eta hori, neurri handi batean, Antxon Elosegiri esker da. Hitzordua baliatu nahi dugu bera omentzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!