Gerraondoko errepresioa hartu dute gogoan, Memoriaren Egunean

Jon Miranda Labaien 2018ko aza. 10a, 14:22

Tolosako Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak elkarlanean burutu duten Tolosa 1945-1975. Giza eskubideen urraketak eta errepresioa diktadorea hil artean liburua aurkeztu dute udaletxeko batzar aretoan.

Tolosako Udalak, azken urteetan, Memoriaren Egunaren bueltan, alderdi guztien adostasuna oinarri izan duten adierazpen ezberdinak egin ditu, Tolosako biktima guztiak gogora ekarri eta aitortzeko helburuarekin. Gerra Zibileko biktimen oroitzarako hilerrian dagoen eskultura eta udaletxean Antonio Maria Labaien alkatearen omenez jarrita dagoen plaka aipatu ditu adibidetzat Olatz Peonek, egungo Tolosako alkateak. "II. Errepublikako alkate demokratikoa zen azken hau, Gerra Zibilaren eskubide urraketen ondorioz alde egin behar izan zuena".

2006an hasi zuen udalak memoria berreskuratzeko lanketa, Tolosan izandako eta tolosarrek pairatutako indarkeriazko gertakariak eta giza eskubideen urraketen gaineko egia ahalik eta modu zabalenean ezagutu eta dokumentatze aldera. "Memoriak lagunduko digu bakea eta giza eskubideetan oinarritutako gizartea eraikitzen; gertatutakoa ezagutu, oraina ulertu eta etorkizuna eraikitzen", esan du Peonek.

Lanketa hori Aranzadi zientzia elkartearekin batera ari da burutzen Tolosako Udala. Horren emaitza izan zen 2011n euskaraz, eta 2013an gazteleraz, aurkeztu zen 1936-1945 Memoriaren izenak. Errepresioa eta giza eskubideen urraketa Tolosan, Gerra Zibilean eta lehen Frankismo garaian liburua. Orain etorri da bigarrena, 1945tik 1975era, Gerra Zibila bukatu ondoren eta Franco diktadorea hil arteko epean, giza eskubideen urraketak eta errepresioa jaso dituena. Tolosako alkatearen esanetan, "memoria historikoa berreskuratzen jarraituko du udal honek, liburuak aztertzen duen garaitik aurrera. 1976tik gaur arte, alegia".

Juantxo Agirre Mauleon, Aranzadi zientzia elkarteko idazkariak liburuaren aurkezpen ekitaldian parte hartu du. "Orain arte urratu ez diren artxibo batzuetan aritu dira gure lankideak dokumentazio bila, baina oraindik ere badago zer ikertua". Liburuak jasotzen duen epean, Txabi Etxebarrieta ETAko kidearen heriotza da Tolosan gertatutako bakarra, baina horrekin batera, kartzela, deportazioak, torturak eta atxiloketak izan ziren eta Javi Buces historialariak liburuan jaso ditu. 1945eta 1959 urteen arteko lehen epe bat eta 60ko urteetatik aurrerakoa jaso du ikerketa lan honetan Aranzadiko kideak, frankismoaren aurkako Gipuzkoako epizentroetako bat bihurtu baitzen orduan Tolosa. Liburuaren inguruko azalpenak eman ditu aurkezpenean Bucesek. 

Juantxo Zeberiok eta Elene Arandiak jantzi dute musikaz Memoriaren Eguneko ekitaldia. Mixel Labegeriren Aurtxo, aurtxoa, Lurdes Iriondok kantatzen zuen Errota zaharra eta Lauaxetaren olerki Agur Euzkadi kantuak eskaini dituzte, batzar aretoa bete duten herritarren aurrean. 

Amaitzeko Olatz Peon alkateak memoria historikoa berreskuratzearen garrantzia azpimarratu du: "Zenbakien atzetik, pertsonak daude. Aita, alaba, laguna... Garrantzitsua da beraiek oroitu eta aitortzea. Ikustaraztea, elkarbizitzarako funtsezko. Baita belaunaldi berriei gertatutakoa transmititzea ere".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!