Tolosako memoria landuz, bigarren liburua aurkeztuko dute Aranzadik eta Tolosako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2018ko aza. 7a, 09:47

Tolosa 1945-1975. Giza eskubideen urraketak eta errepresioa diktadorea hil artean lana, udalak eta Aranzadik 2006an hitzartutako elkarlanaren bigarren alea izango da; aurkezpena jarraitzeko gonbidapenak kultur etxean eskatu beharko dira.

Datorren larunbatean Memoriaren Eguna izango da, eta Tolosako Udalak eta Aranzadik beren elkarlanetik sortutako bigarren alea aurkezteko baliatuko dute data: Tolosa 1945-1975. Giza eskubideen urraketak eta errepresioa diktadorea hil artean udaletxeko pleno aretoan aurkeztuko dute, 12:00etan, eta bertaratzeko gonbidapenak kultur etxean eskatzeko aukera izango da, 10:00etatik 13:00eera eta 16:30etik 19:00etara.

Udalak jakinarazi duenez, herritar bakoitzak gonbidapen bakarra eskatzeko aukera izango du; aurkezpenean, gonbidapenarekin liburu bat doan jasotzeko aukera izango da. Bertan izango dira Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkatea, Juantxo Agirre Mauleon Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkaria eta Javi Buces liburuaren egilea eta Aranzadiko kidea.

2006an hitzartu zuten, Aranzadik eta udalak, memoria berreskuratzeko lanketa bati ekin, eta herrian gertatutako indarkeria kasuak nahiz giza eskubideen urratzeak ikertu eta ezagutaraztea. Bide horretan, 1936-1945. Memoriaren izenak. Errepresioa eta giza eskubideen urraketa Tolosan, Gerra Zibilean eta Lehen Frankismo garaian argitalpenak jarri zuten elkarlanaren lehen harria; 2011n argitaratu zuten euskaraz, eta 2013an gazteleraz.

SINOPSIA

TOLOSA 1945-1975. Giza eskubideen urraketak eta errepresioa diktadorea hil artean liburuaren egiturak bi aldi historiko ditu abiapuntu: aurrenekoa, 1945 eta 1959 urteen artean gertatutakoari dagokio, hau da, erregimen diktatorialaren aurka ia oposiziorik ez zegoeneko aldia, izan ere, aurreko urteetan erabat suntsituta geratu zen. Exekuzio, kartzelaldi luze edo erbesteratzeen ondoren, ideario nazional-katolikoak, 1945etik aurrera, koakzio-printzipioa erabili zuen, nola arlo publikoan, hala pribatuan: eskoletan, lantokietan, etxeetan edo bi sexuen arteko harremanetan. Errepresio frankista faxismoari aurre egin eta bizirik irtetea lortu zutenen gizarte-estigmatizazioan oinarritu zen, halako eran, ezen estigmatizazioa kentzea soilik lortu baitzuten etengabe damu-ekintzak egin zituztenek, abjuratu zutenek edo beren bekatuak aitortu zituztenek, harik eta jarraitzaile edo zaletzat hartu zituzten arte. Azken batean, ordutik aurrera, tolosar onak izan ziren postulatu frankistetara baino lotzen ez zirenak, gizonaren eta emakumearen rol desberdinduak betetzen zituztenak, behar ez zena irakurtzen ez zutenak, baimendutakoan soilik dantza egiten zutenak eta espainol guztien hizkuntza komuna baizik erabiltzen ez zutenak, uko eginik beren ama-hizkuntzari ere.

Baina 60ko urteetatik aurrera, Tolosa izango da erregimenaren aurkako oposizioak indar handiena hartuko duen euskal udalerrietako bat, batik bat, langile industrialen mobilizazioekin. Gerra bizi izan ez zuen belaunaldi berri batek berpiztu egin zuen langileen mugimendua, ikasleena eta politikoa. Tolosa frankismoaren aurkako epizentroetako bat bihurtu zen Gipuzkoan, sindikalismoa suspertuta, euskal kultura eta askatasunak berretsita, eta diktadura eraisteko eta askatasuna berreskuratzeko borroka eginda. Horrek eragin zuen erregimenak indarkeriarekin erantzutea, eta haren printzipioen aurkako edozein ekintza erreprimitu zuen. Ondorioz, halako nostalgia errepresibo batean, nabarmen igo ziren atxiloketak eta espetxeratzeak, tortura-kasuak, gerra- kontseiluak eta TOP delakoak zigortuak. Ehunka tolosar errepresaliatuta. Horrexegatik, ikerketa-lan honek hauxe izan du lan-ardatz: errepresaliatuen memoriaren berreskurapena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!