Irene Caminosek urrezko domina lortu du Munduko Txapelketan

Ataria 2018ko azaroaren 7a

Argazkiak: Twitter (@Trialsports)

Munduko Trial Txapelketa ari da jokatzen Irene Caminos tolosarra, Txinako Chengdu hirian. Goizean jokatu du lehen proba, taldekakoa, eta txapeldun izan da.

Ion Areitio hondarribiarrarekin, Mari Aran eta Sergi Llongueras kataluniarrekin eta Alejandro Montalvo madrildarrarekin osatu du taldea Caminosek. Orotara 580 puntu pilatu dituzte, bigarren izan den Alemaniak baino 20 puntu gehiago. Hirugarren Frantzia izan da 520 puntu lortuta.

Lehen zatian hartu dute aurrea, 150 puntu lortuz; alemaniarrek, berriz, 140 lortu dituzte. Bigarrenean Alemaniak hartu du aurrea, 20 puntu gehiago eskuratu baititu. Berdindu egin dute hirugarren fasean, 80 punturekin, eta laugarrena izan da erabakigarriena: 150 puntu lortu dituzte, eta Alemaniarrek 60. Azken tartean alemaniarrak izan dira nagusi, 150 puntu pilatuz, baina Caminosen taldeari aski izan zaizkio 90 puntuak urrezko domina lortzeko.

Ospakizunetarako tarterik ez du izango Caminosek, bihar bakarkako probako finalaurrekoa jokatuko baitu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!