2019ko egutegi berdea prest da zabaltzeko

Tolosaldeko Ataria 2018ko aza. 5a, 17:11

Tolosako 2019ko egutegiak ikusi du argia, eta prest da Tolosako etxeetako paretak janzteko. 15. edizioa izan da aurtengoa, eta Tolosa berdea izan dute argazkietarako gaia. Etzi jarriko dute herritarren eskura egutegia, Zerkausian.

Mahaitxo bat izango da 09:30etik 12:30era tolosar guztiei banatu ahal izateko, asteazkenetik ostiralera. Egun horietan eskuratu ezin duenak, azaroaren 12tik aurrera Tolosako kultur etxean izango du hartzeko aukera.
6.500 horma-egutegi, 200 egutegi handi eta 2.000 eskuko egutegi argitaratu ditu Tolosako Udalak. Eskola guztietan banatuko dira dohainik, eta baita landa auzoetan ere: Urkizu, Bedaio eta Aldaban. Eta Iurramendi egoitzan eta Uzturre zentroan ere utziko dituzte, besteak beste.

Tolosanklisk lehiaketa bidez aukeratu dira egutegiko argazki guztiak, eta 61 parte hartzaileren 256 argazki aurkeztu dira lehiaketara. Horietatik 40k pasa dute epaimahaiaren oniritzia, azken faserako.

Bozketa fase horretan, 1.325 boto jaso dira, eta horietako 418 Cristina Almadaren Begiradak argazkiak jaso ditu. Hori izango da, beraz, egutegiko azaleko argazkia, eta egileak 600 euroko saria ere jaso du. Bozketan parte hartu dutenen artean, Iñaki Blanco izan da iPad Minia eskuratu duena. Hilabete bakoitzekoak, berriz, epaimahaiko kide izan diren Iñigo Royo eta Ura Iturralde argazkilariek aukeratu dituzte.

Tolosako auzoak, 2020rako

2020ko egutegiaren irudi Tolosako auzoak izango dira. Herri guneko nahiz landa inguruneko auzoak. Tolosanklisk lehiaketaren bitartez egingo da beste behin aukeraketa, eta 2019ko uda aurretik zabalduko da argazkiak helarazteko epea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!