Andu Martinez de Rituerto izango da Tolosako EH Bilduren alkategaia

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko urr. 29a, 16:59

Erronka berria «ilusioz eta arduraz» hartu duela azaldu du aurkezpenean, eta herritar independente bat zerrendaburu proposatzea «aurrerapauso pozgarria» dela uste du

Andu Martinez de Rituerto izango da Tolosako EH Bilduren zerrendaburua, 2019ko udal hauteskundeetan. Berdura plazan egin duten aurkezpenean, Ibai Iriarte Tolosako EH Bilduren azken urteotako zerrendaburua eta alderdiko hainbat kide izan ditu alboan.
EH Bilduk hilabeteak daramatza datorren maiatzeko hauteskundeei begira, eta parte hartze prozesu baten ondoren izendatu dute alkategaia. Bide horretan, Andu Martinez de Rituertok datozen hilabeteotan garatuko dituzten proposamen politikoen ildoak iragarri ditu: «Tolosa anitzean, solidarioan, parekidean, kritikoan, sortzailean eta euskaldunean, tolosar zoriontsuak nahi ditugu. Hori da amesten dugun herria, (...) bizia, naturaren zaintzari garrantzia emango diona. Herri garbi, gozo eta atsegina izateko lan egingo dugu».
Tolosarrei eta Tolosako udal jardunari «ekarpen interesgarriak» egingo dizkion hautagaitzat jo du, EH Bilduk, Martinez de Rituerto, eta hautagaiak «ilusioz eta arduraz» eman dio baiezkoa, jasotako proposamenari: «Herrigintzari begira, aurrerapauso pozgarria iruditzen zait ni bezalako herritar independente batengan konfiantza jarri izana. Lan taldeak ere ildo horri helduko dio, eta herritarrentzat lan egiteko gogoz gauden tolosar ekintzaile, ezkertiar eta euskaldunak elkartu gara».
Bide horretan, Andu Martinez de Rituerto «uneoro jarrera irekiarekin lan egiteko amoz» aurkeztuko da 2019ko maiatzeko hauteskundeetara: «Udalak herritarren parte hartzea erraztu behar du. Jauzi garrantzitsua ematera noa, baina gogotsu helduko diot erronkari, nirekin batera lanean ari den taldearen eta gertukoen konfiantza osoarekin».
Bere aldetik, Ibai Iriartek azpimarratu du, Martinez de Rituerto «kudeaketan esperientzia handia duen pertsona» dela: «Alegiako Aralar institutuko zuzendaria da, eta ikastetxeek pertsonen heziketa erdigunean jartzen dute. Andu urte luzez lanean aritu izan da pertsonen arteko harremanek berebiziko garrantzia duten leku batean; hautagai ezin hobea da udala gidatzeko».

Natura, kirola eta gizartea

Andu Martinez de Rituerto Lazkaon jaio zen, 1967an, eta Gorputz Heziketan lizentziatua da. 20 urte baino gehiago daramatza Tolosan bizitzen. Hainbat urtez, bizikidetza eta hezkidetza koordinatzailea izan da hezkuntza zentroetan, eta Elkarrin parte hartu zuen, Euskal Herriko gatazka politikoari irtenbide bat emateko lanean. Kirolari ibilbidea ere badu, Euskadiko, Espainiako nahiz Europako txapelketatan dominak irabazitakoa baita. Euskadiko Mendizale Federazioko idazkaria ere izan zen eta, gaur egun, Alpino Uzturre, Tolobolei eta Zumardia elkarteetako kide da. 1980ko hamarkadan, berriz, instumisioaren aldeko mugimenduan militatu zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!