Gozogintzan ere badago harrobia

Tolosaldeko Ataria 2018ko urr. 27a, 13:32

Tolosa Goxua azokaren 25. edizioan Sugar Tarta izeneko 4.000 pasteltxo banatu dituzte. Ohiko postuez gain, herritarren arteko sagar tarta lehiaketako sariak ere banatu dituzte.

Gozoa izan da nagusi gaur goizean, Tolosan. XXV. Tolosa Goxua azokak mota guztietako gozoak bildu ditu, baina aurtengoan protagonista sagarra izan da. Herritarren arteko sagar tarta lehiaketan 27 pertsonek hartu dute parte eta 13 urte besterik ez dituen Ximena Zeberiok irabazi du. Lehiaketa ez zaio arrotz egiten, izan ere, iaz ere berak irabazi zuen, eta aurreko urtean bere ahizpak. Hain justu, ahizpak lagundu dio gaurko sagar tarta egiten, eta Elena Arzak, Eva Argiñano, Imanol Zubelzu eta Gozogile egun batez ekimenean parte hartu duten hiru gaztetxok osatutako epaimahaiak benetan goxoa zegoela-eta zoriondu dute. Bigarren, Maritxu Astiasaranek egin du, hau ere tolosarra. 200 eta 150 euroko sariak jaso dituzte, hurrenez hurren, Tolosako gozotegietan erosi ahal izateko.

Gozogile artisauen produktuekin batera, Sugar Tartek izan dute arrakasta. Tolosako ikur diren sagarra eta parrila uztartzen dituen pasteltxoak dira, eta 4.000 banatu dituzte. Guztia prest izateko jo eta su aritu dira lanean Tolosako hiru ikastetxeetako LH 4ko ikasleak. Hain justu, Gozogile egun batez ekimenean parte hartu dutenak. Iaz abiarazi zuten, eta arrakasta ikusita errepikatzea erabaki dute. Gazteek gozogile artisauen ofiziora gerturatzeko aukera izan dute, beraz. 

Eguna borobiltzeko, Tolosa Kantarik ere parte hartu du gaurko festan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!