50. Tolosako Abesbatza Lehiaketa

«Abesbatzen munduan, denek dakite Tolosa non dagoen eta zer den; zerbaitengatik izango da»

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko urr. 29a, 07:51

Aitor Imazek (Tolosa, 1975) ia bizitza osoa darama abesbatzen munduari lotuta. Leidor eta Hodeiertz abesbatzekin hasitakoari beste zenbait taldetan eman zion jarraipena, eta gaur egun KUP taldean ari da. Biribila izateko bidean da, gainera, abesbatzaren 15. urteurrena: Tolosako lehiaketan ariko dira, azaroaren 1ean, munduko onenekin lehian.

Tolosako Abesbatza Lehiaketak 50. urteurrena du aurten, eta KUP taldea parte hartzaileetako bat izango da. Zein aldarterekin zaudete?

Egia esan, urtebete baino gehiago da gonbita jaso genuela, eta inongo momentutan ez genuen ezezkoa ematerik pentsatu. Ohore bat izango da guretzat, 50. urteurrenean hor izatea, beraz, baiezkoa eman genuen. Urte hau guztia bi aste barru gertatuko denaren prestaketa bat izan da. Onartzen dut, eta denon sentsazioa da, sekula baino prestatuago gaudela, aritu garelako. Lehiaketan aurkeztuko dugun programa prest zegoen udarako, eta hortik aurrera aritzea eta aritzea izan da gure lana. Kontzertu dezente eskaini ditugu, eta hori oso ondo etorri zaigu, Tolosara puntuan iristeko. Momentuz, beraz, pozik gaude egindako lanarekin, eta gero gerokoak. Bai baitakigu zer datorren... Sekulako lehiaketa izango da aurtengoa, eta Leidorren egoteak eta Leidor beteta ikusteak mereziko du.

Aurten abesbatza parte hartzaileak antolakuntzak berak hautatu ditu, eta honezkero lehiakideak zein diren jakingo duzue. Zein aurreikuspen dituzue Tolosarako?

Azken 25 urteotako abesbatza irabazleak gonbidatu dituzte, beste zenbaiten artean; pentsa zer datorren. Maila sekulakoa da, talde guztiak ezagutzen ditugu, eta badakigu zer datorren. Guk gure onena emango dugu, eta inork ez daki zer gertatuko den. Azken finean, zortzi pertsona ariko dira epaimahai lanetan, eta askotan hor izaten da gakoa. Lehiaketa bat da, eta sekula ezin da jakin hor dagoen alemanari, ingelesari edo asiarrari zer gustatuko zaion eta zer ez; oso subjektiboa da askotan. Paperari begira, aukerarik ez dugula pentsa liteke, baina ilusioz joan beharra dago, ahalik eta ondoen egitera.

Ni antolakuntzan ibiltzen naiz urtero, eta ikusten duzu, nola abesbatza berari, epaimahaikide batek puntuazio oso altua ematen dion, eta beste batek ez. Jakintzat ematen da, aurten parte hartuko duten talde guztiak oso onak direla teknikoki, beraz, teknikaz gain, beste zerbait transmititu behar duzu epaimahaiarengana iristeko.

Udan Taiwanen izan gara, eta hala esan digute, behin baino gehiagotan: nolabait ere, publikoarengana iristen ginela. Euskal folklorea abestu, eta filipinar batek hori esateak, animoa asko igotzen du, egia esan. Zerbait badago hor.

Horrenbestez, hor dago koska: instrumentua hau da, badakizu Tolosara etorriko diren instrumentu guztiak oso onak izango direla eta, beraz, bestelako ñabardurek garrantzia hartuko dutela.

Entzulea zein momentutan dagoen ere erabakigarria izan daiteke, ezta? Egun guztiak ez dira berdinak, batzuetan gehiago hunkitzen da entzulea, eta epaimahaiari ere gerta dakioke horrelako zerbait.

Bai, hori da. Pertsonak gara, eta beharbada zuri negarra eragin dizun obrak, beste bati ez dio sentimendurik sortuko. Nire ustez, sentimenduek balio handia dute horrelakoetan eta, bereziki, aurten. 16 talde indartsu datoz, beraz, zerk bereiziko dituen? Ikusi egin behar. Denak, ustez, beren maila onena ematera etorriko dira, eta zaila da bereizgarria zer izango den jakitea.



Azkenekoz Europako Sari Nagusian aritu zineten Leidorren, 2011n. Zein oroitzapen duzue?

Oso oroitzapen polita. Lehen aldia genuen Europako Sari Nagusian, eta herrian bertan aritu ginen; horregatik bakarrik, 2011koak ukitu berezia zuen. Leidor beteta, ezagun pilo bat eta gure onena emateko gogoa genuen. Ordea, momentu hartan, jende askok esan zigun oso hotzak izan ginela, eta akaso kontzentrazio handiegia genuela.

Eta, orain, ikusten ari gara gu entzutera etortzen direnek aurkakoa esaten digutela, beraz, zerbait landu dugu edo zerbait aldatu dugu. Horregatik, KUPek duela zazpi urte zuen egoera eta gaur egungoa oso desberdinak dira zentzu horretan. Prestaketa aldetik sekula baino seguruago ikusten dugu geure burua, eta hori gero ikusi egiten da: antzokiko oholtzatik besaulkietara zerbait transmititzen da.

2011 oso berezia eta oso polita izan zen guretzat, saririk lortu ez genuen arren, abesbatza amateurren mundu honetan txapeldunen ligan aritzearen pareko izan baitzen. Han parte hartzea amets bat zen. Eta, aurtengoa, beste Champions bat da, azken finean; Tolosan aritutako punta-puntako abesbatza guztiak, eta gu. Aurtengo lehiaketa horiekin guztiekin partekatze hutsa sari bat izango da guretzat.

Oholtzan aritzeko erraztasuna irabazi duzuela diozu. Horrez gain, 2011tik hona aldatu al da KUP?

Aldaketak badaude, noski, bizitza bera aldatu egiten delako, eta jende gaztea ere sartu da orduz geroztik. Baina, oinarriak edo bloketak antzekoa izaten jarraitzen du. Tolosara 34 etorriko gara, eta momentuz taldea osasun onez da.

Aipatu duzu udan Asian ibili zaretela. Nolatan edo zertan?

Hain justu, Tolosako Abesbatza Lehiaketarekin lotura du. Izan ere, Tolosako lehiaketak gonbidatu asko izaten ditu, eta mundu guztiko jendea joan-etorrian ibiltzen da, Europako beste bost lehiaketa horien sarean dagoela-eta. Beste hainbatekin batera, urtero Taiwango pertsona bat etortzen da Tolosara eta, zorionez, gure diskoa emateko aukera izan genuen. Gustatu egin zitzaion, eta bidaia atera zen.

Egia esan, denbora generaman uda honetako irteera prestatzen, baina esfortzu handia eskatzen du: 15 pertsona Taiwaneraino joatea dirutza bat da, eta 10 egun pasatu genituen han, gonbidatu europar moduan. Han beste txip bat dute, eta nik ez dut sekula horrelakorik bizitu izan.

Zein zentzutan?

Antolakuntza perfektua; 2.000 eserleku dituen antzoki erraldoi bat lepo beteta, a cappella kontzertu bat entzuteko. Gu, euskal folklorea abesten, eta entzuleak zutitzen. Jendea ilaran, abesbatza zuzendarien autografoak eskuratzeko. Oso bestelako kontzeptu bat da hangoa, hemen sekula imajinatu ere egingo ez genukeena. Horrek guztiak, noski, oso sentsazio ona utzi zigun, badakigulako, ia ziur, ez dugula horrelakorik sekula bizituko.

Hemen, eliza bat justu-justu betetzen baldin badugu, pozik. Han, berriz, kultura eta musika ulertzeko beste modu bat dute.

Asiatik Tolosara bertaratzen diren abesbatzak teknikoki oso onak izaten direla diote adituek. Etorkizuna, besteak beste, han dago?

Hala diote. Aurten, adibidez, Indonesiako eta Filipinetako talde bana dator eta, ahotsaren eta teknikaren aldetik perfektuak izateaz gain, oholtzan ere sekulako gauzak egiten dituzte. Baina, hori, lana eginez lortzen dute. Indonesiar batek kontatuta dakit, aurten Tolosako lehiaketa prestatzeko lehenengo entsegura, abeslariek 25 obra buruz ikasita eraman behar izan zituztela. Horrek dena esaten du; beste dimentsio batean daude, beste lan egiteko modu batekin eta beste seriotasun batekin.

Jende izugarri bizi da han, eta zerbaitetan hasten direnean, bikain egiteko hasten dira.

Beste diziplina bat, denerako.

Hori da. Guk zaletasun moduan ikusten dugu hau guztia, baina han beste neurri bat ematen diote guztiari. Eta, horrez gain, esandakoa: han, abesbatza hauek guztiak ezagunak dira.

Hemen pop abeslari baten pare, adibidez?

Bai, hori da. Guk hemen lehiaketa bat irabazten baldin badugu, albistea nahiko isilik pasatzen da. Baina abesbatza asiarrak, nolabait, beren herriaren ordezkari ere sentitzen dira, erreferentzia direlako.

Amateurrak zarete. Zein da zuen lan dinamika?

Aurten 15 urte betetzera doa KUP, eta betiko errutinan jarraitzen dugu, egia esan: hilero entsegu bat. Askotan, hori kontatu eta jendea erabat harrituta geratzen da, baina hori da gure antolakuntza; bakoitza txoko batekoa da, eta hori da entseguak egiteko dugun modu bakarra. Momentuz ondo doakigu, eta badakigu, hilean behin, egutegian egun bat horretarako erreserbatu beharko dugula.

Hileroko entsegu hori luzea izango da, ezta?

Bai... Igandetan izaten da, 10:00etatik 20:00etara [barreak]. Ohitu egiten da bat, ez daukagulako besterik, eta badakigulako hori dela gure lan egiteko modua. Baina horrek etxean eta bakarrik lan egitea eskatzen digu, noski. Egia da abesbatza baten ohiko erritmotik aldentzen dela gurea, bai.

Ahotsa bereziki zaintzen duzue?

Nik ez bereziki. Betikoa da: hotza pasatzea saihestu eta hotz egiten duenean eztarria babestu.

Leidorren abestuko duzuena ederki mamitu duzue; errepertorioa aurreratzerik bai?

Urte berezia denez, oinarriak ere bereziak izango dira, aurten, Tolosako Abesbatza Lehiaketan. Talde bakoitzak 28 minutu izango ditu oholtzan, eta egitarau librea osatzeko aukera izan dugu; baldintza bakarra, euskarazko obra bat abestea izango da. Gainerakoan, bakoitzak nahi duena egingo du.

Guk, gure klasikotasunari eutsiko diogu, gure zuzendariaren izaera islatuz, eta musikaren historia errepasatuko dugu, nolabait. Berpizkundetik hasi, eta gaur egunera bitarteko musikarekin amaituko dugu saioa. Galus batekin hasiko gara, bi korutara, Brahms bat ere bada tartean, eta Poulenc ere bai. Gero, musika garaikidera pasatu, eta Homilius abestuz eta, azkenik, euskal obra batekin amaituko dugu saioa. Gure klasikotasun horretan, dena den, berrikuntza zenbait ere txertatuko ditugu, koreografia bat egingo baitugu oholtzan. Erronka bat izango da guretzat, Leidorren eszenatokira igo eta ezohikoagoa zaigun zerbait egitea.

Errepertorioaren antolakuntza, beraz, Europako Sari Nagusian egin ohi denaren antzekoa izango da; libreagoa.

Bai. Bakoitzak 28 minutu izango ditu, eta talde bakoitzak nahi duena egingo du. Berez, normalena da abaniko guztia erakustea; epaimahaian dagoenak ikusi beharra dauka, talde bat gai dela musika mota guztiak lantzeko. Izan ere, musika edo garai zehatz bat bakarrik jorratuz gero, inork ez daki gainerako estiloetan abesbatza hori nola molda daitekeen. Horregatik, guk dena aurkeztuko dugu, duela 500 urteko musikatik hasi, eta gaur egunera bitarte. Egia esan, zuzendariak egitaraua pasatu zigunean bagenituen zalantza batzuk, baina orain oso gustura gaude egitarauarekin.

Aurten oholtzan ariko zara, baina urtero izaten zara antolakuntzan edo eserlekuetan. Zer da zuretzat Tolosako Abesbatza Lehiaketa?

Txikitatik ezagutu dudan zerbait da. Bere garaian solfeoa, abesbatza eta abarrak egin, eta modu horretan sartu nintzen mundu honetan. Leidor abesbatzan hasi nintzen, Hodeiertzen jarraitu eta Gipuzkoako talde askotan abestu izan dut gero. Gipuzkoako Abesbatzen Federazioan lehendakari ere izan nintzen eta, azken urteotan, Tolosako lehiaketan antolakuntzan ibili naiz. Aurten, lehiaketa kanpotik bizitzea egokituko zait.

Ezagutzeko zenuen ikuspegia zen, ezta?

Bai, hori da. Aurten, lehian izango garenez, beste plano batean egotea dagokigu, beraz, beste modu batean ikusiko dugu guztia. Nik onartzen dut, abesbatzen munduan aritzen garen guztiok bete-betean sartuta gaudela, eta Tolosa erreferentzia handia izan dela urtetan. Eta, bertakoa izanda, niretzat urteroko hitzordu garrantzitsuenetakoa izaten da lehiaketa. Eta, abesbatzen munduan, denek dakite Tolosa non dagoen eta zer den; zerbaitengatik izango da.

Tolosan, Gipuzkoan eta Euskal Herrian, nola ikusten duzu abesbatzen etorkizuna?

Abesbatzen egoera zein den esaten ez nuke asmatuko. Batetik, talde entzutetsuak daude, orkestrekin-eta lan egiten dutenak. Horrez gain, hemen inguruan herri bakoitzean abesbatza bat dago ia-ia., bakoitza bere mailan eta bere gauzak egiten. Eta, nolabait bi horien artean, bagaude talde batzuk: ez gara profesionalak, baina maila txukuna eskaintzen dugu.

Baina oso gai konplikatua da: murrizketa handiak daude eta, norbere lana aurrera ateratzeko segi eta segi aritzen garen arren, azkenean, onartzen dut horrek asko nekatzen duela bat. Egia da, gure kasuan, 2018a urte ona izaten ari dela, eta aurrera begira gauza berriak ateratzen ere ari zaizkigula. Horrelakoengatik, merezi du lan horrek guztiak.

Haur abesbatzak ere hor daude, Kantika edo Orfeoi Txikia esaterako, baina hor bada adin-tarte kritiko bat, eta abesbatzaren jarraipena galdu egin ohi da, ikasketak tarteko, unibertsitate garaian.



Izan daiteke kontu kulturala? Alegia, musikarekiko lotura izugarria duten haurrez gain, zaila da, hemen, haur batek abesbatzan proba egin nahi izatea?

Bai eta, horrekin batera, izugarrizko aukera daukate gaur egungo haurrek, eskolaz kanpo. Musikan zentratzen dena, berriz, abesbatzan ariko da, bai, baina hortxe eteten da, oro har: goi mailako ikasketak egiteko garaian. Noski, badira abesbatzan jarraitzen duten gazteak, eta helduen taldeetara pasatzen direnak, baina ez da ohikoa. Eta, mutilen kasuan, badira beste zenbait faktore ere: ahotsaren aldaketa, batetik, eta mutil bat abesbatza batean aritzeak gaur egun oraindik duen kutsu estereotipatua ere. Abesbatzen federaziotik hori aldatzeko lan egin izan da, baina jarraikortasuna ematearena helburu zaila da, egia esan.

Estereotipoei tiraz, oro har, aurreiritzi asko al daude abesbatzen bueltan?

Bai, betikoa: jendeak elizarekin lotzen ditu abesbatzak, edo aspergarriak iruditzen zaizkio. Baina akaso ez dute sekula abesbatza kontzertu bat entzun [barreak], baina badute nolabaiteko aurreiritzi negatibo bat. Horren harira, gainera, anekdota txiki bat izan dugu berriki: Oreina filmean ateratzen gara KUPeko kideok eta, Koldo Almandozek lana Zumarragan aurkeztu baino astebete lehenago, Antioko baselizan kontzertua eskaini genuen, Zumarragan bertan. Jendeak ezagutu egin gintuen filmean, eta askok aipatu zuen «zein gazteak» garen. Askok abesbatza adineko pertsonekin lotzen dute, eta gizarteko klixe bat gehiago da, baina, nola puskatu hori?

Kontrara, 'talent show'-etan eta antzekoetan 'a cappella' abesten duten talde zenbaiten bideoak biral bilakatzen dira.

Gaur egun, gutxien espero duzunak milaka ikusle ditu eta, gero, KUP ikusten 30 pertsona baino ez daude. Zer da ona eta zer txarra? Bada, ez dakizu. Egia da, kalitatearen kontu horrekin askotan horrekin haserretu egiten naizela, baina ez da kalitate kontua bakarrik: botoi egokia sakatzen asmatzen duenak arrakasta lortzen du eta, akaso, lan eta lana ari denak txoko batean jarraitzen du. Duela gutxi, irailean, Donostiako Zinemaldian abestu genuen, Euskadiko Orkestrarekin, eta jendeak sekulako laudorioak eskaintzen zizkigun: «Uf, zoragarria». Tira... Leku egokian egotea da, Belodromoan 3.000 pertsona baitzeuden gu entzuten. Musikalki, guretzat ez zen sekulako lana izan, baina badirudi han egote hutsak gure lana biderkatzen zuela. Eta, hori da, oro har, gertatzen dena; Zinemaldian abestu izana sekulakoa iruditzen zaie askori eta, beharbada, Donostian bertan beste kontzertu bat doan eskaini, eta ez dira herena ere etortzen. Baina, gaur egun, horrela funtzionatzen du guztiak, eta azalpen bat ematea zaila da.

Tolosako Abesbatza Lehiaketaz gain, zein erronka dituzue, erritmo horri jarraipena emateari begira?

Esan bezala, urtea proiektuz betea joan da. Vocaliarekin zuzendari trukea egin genuen; Mozart proiektuan parte hartu genuen Gasteizen, bakarlariekin. Udan, berriz, Taiwanen hamar egunean sei kontzertu eskaini genituen, Tolosakoa prestatuz. Eta, handik bueltan, azaroaren 1a markatuta izan dugu egutegian, noski. Zinemaldian, Donibane Garazin, Zumarragan, Tolosan eta Madrilen abestu dugu, eta igandean Musikenen abestuko dugu, eta egunetan egunena iritsiko da. Behin hori pasatzen denean, abenduaren 15ean gure 15. urteurren kontzertua eskainiko dugu, Tolosan, Santa Klaran. Berezia izango da, Esteban Urzelai eta Isabel Mantecon taldekide ohiek zuzendari lanak egingo baitituzte. Horrela biribilduko dugu urtea eta, ezer aurreratzerik ez dugun arren, proiektu potolo samar bat badugu esku artean.

Erlazionatuak

Aurtengo abesbatza lehiaketa, urrez jantzia

Itzea Urkizu Arsuaga 2018 urr 25 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!