Urrezko urtemuga iritsi zaio, azkenean, Tolosako Abesbatza Lehiaketari. 50. lehiaketa izango da aurtengoa eta, efemeride dirdiratsua ospatzearekin batera, hitzordua bera ere zertxobait moldatu dute, zenbaki borobila eta lehiaketaren ibilbidea hauspotze aldera: aurtengo abesbatza parte hartzaileak antolakuntzak aukeratu ditu, eta urteotan guztiotan irabazle suertatu diren abesbatzak nahiz kultur aniztasuna kontuan izan dituzte. Tolosako Ekinbide Etxeak Topic zentroan aurkeztu du aurtengo lehiaketa, eta bertan izan dira, Julian Lakunza TEEko lehendakaria, Luismi Espinosa abesbatza lehiaketako antolakuntzako kidea, Olatz Peon Tolosako alkatea, Denis Itxaso Gipuzkoako kultura diputatua, Bingen Zupiria kultura eta hizkuntza politika sailburua eta Ander Aizpurua Kutxa Fundazioko ordezkaria.
Datorren azaroaren 1etik 4ra bitarte, Tolosako Abesbatza Lehiaketak Leidor aretoko oholtza hartuko du, eta hain justu antzoki horri begira jarri da, Julian Lakuntza, urteurrenaren harira: «Beti zenbaki bat egoten da eszenatokian, urtero aldatzen da eta, azkenean, iritsi zaigu beste zenbaki biribil bat; inoizko biribilena. Ohore bat da, guretzat, abesbatza lehiaketaren 50. urtemuga ospatu ahal izatea».
Kultur hitzorduaren efemeridearen garrantzia azpimarratze aldera, Bingen Zupiriak azaldu du, «abesbatza lehiaketa Eusko Jaurlaritza bera baino zaharragoa» dela, eta urteotan guztiotan izandako gertakari historikoak errepasatu ditu, labur, lehiaketaren hari luzeari fokua jartzeko: «Tolosako Abesbatza Lehiaketa gertakari historiko oso garrantzitsuen lekuko izan da: Burgosko prozesua, Euskara Batuaren sorrera, Francoren diktaduraren amaiera, Eusko Jaurlaritzaren sorrera nahiz Europar batasunarena,...».
Horrela, 50 zenbakiaren azpian beste ehunka zenbaki ere badirela plazaratu nahi izan du Julian Lakunza TEEko lehendakariak. Izan ere, abesbatza lehiaketako antolatzaileek txosten bat argitaratu dute, urteok guztiok emandako datu eta zenbakiekin. 50 urteotan, guztira, 60 herrialdetako abesbatzak aritu dira Tolosan, 5 kontinenteetatik: Ozeaniako bi, Afrikako bi, Asiako bederatzi eta Ameriketako hamaika, esaterako.
Euskal Herriari begiratuz, guztira 170 abesbatzak parte hartu izan dute Tolosan, eta Kataluniakoak 29 izan dira. Orotara, 820 abesbatzaren erakusleiho izan da, mende erdiz, Tolosako Abesbatza Lehiaketa.
Lakuntza herrira begira ere jarri da, azpimarratuz, Tolosako Hodeiertz abesbatzak hamaika aldiz parte hartu duela lehiaketaren historian; aurten, larunbateko kontzertu bereziak parte hartuko dute, beste bi abesbatzarekin batera.
«Unibertsitate txiki bat»
Hastapen eta gogo xumez hasitako lehiaketa, nazioarteko hitzordu garrantzitsuenen artean sartu da; bai, behintzat, abesbatzen munduan. Ahots talde baten uztarte gaitasunaz harago, ordea, Tolosako Abesbatza Lehiaketa hainbat konpositore eta zuzendariren eskola izan da, Lakunzak azaldu duenez.
«1978az geroztik, 430 euskal abesti kantatu izan dituzte Tolosan parte hartu duten abesbatzek». Horrela, honakoak izan dira gehien abestutako obrak: Lili eder bat, Ametsetan, Neska ederra eta Neure maitea. Tolosako Ekinbide Etxeak, ez du zalantzarik: «Gure lehiaketa unibertsitate txiki bat izan da gure lehiakideentzat. Abeslari, zuzendari, konpositore, publiko, aurkezle, itzultzaile, interprete, komunikatzaile, kazetari nahiz antolatzaileak hezi ditu; finean, pertsonak hezi ditu».
Horrela, Julian Lakunza TEEko lehendakariak, 50 urteotan beren aletxoa jarri izan duten eragileak ere gogoan izan ditu: «Guztiek elkarrekin lortu dute,Tolosako Abesbatza Lehiaketa bat munduko abesbatza hitzordu prestigiotsuenetako bat izatea».
Abesbatzen mapamundia
Luismi Espinosa antolakuntza taldeko kideak lehiaketaren alde humano horri tira nahi izan dio, Lakunzaren bidetik, eta nabarmendu du, hitzordua sentimendu baten bueltakoa dela: «Tolosako Abesbatza Lehiaketak hainbat jatorri, kultura eta ohitura elkartzen ditu, eta guztiek komunean dute abesbatza musikarekiko sentimendua».
Grina musikalaz gain, ordea, abesbatza musika bera eta abesbatza musikaren inguruko ezagutzak garatzeko txokotzat ere jo du Tolosakoa: «Konpositoreen eskola izan da, eta Tolosako lehiaketak lortu du, gaitasun berriak lortzea, lehen sekula abestuko ez liratekeen obrak, gaur egun errepertorioetan egotea».
Besteak beste, Busto, Azurzatarrak, Elberdin, Sarasola eta Tolaretxipi aipatu ditu, Tolosako lehiaketatik nazioartera begira jarri diren zuzendari eta sortzaileen artean.
Azaroaren 1ean ekingo dioten lehiaketari begira, berriz, Espinosak ideia argiz azaldu du aurtengo lehiaketan aukeratutako abesbatza sortaren ezaugarri nagusia: «Abesbatza musikaren unibertsaltasuna islatu nahi izan dugu, abesbatza musika mundu osoan barrena egiten baitute, lekuan lekuko estilo eta moduetan».
Bide horretan, bi irizpide baliatu dituzte parte hartzeko gonbidapenak bidaltzerakoan: irabazle izan diren abesbatzak edo abesbatza musika egiteko aniztasuna islatzen dutenak hautatu dituzte. «Zaila da zergatia azaltzen, baina munduko txoko bakoitzeko estiloa bereizi egiten da. Horrela, estilo nordikoa, eslaviarra, frantziarra nahiz alemaniarra entzuteko aukera izango da, adibidez.
Ameriketatik, berriz, bi eskola oso desberdin ezagutzeko aukera izango da: kubatar abesbatza bat, erritmoarekin lan handia egiten duena, eta AEBetako beste bat, zerikusirik ez duena. Eta, Asiatik, gaur egun kontinente hartan dauden hiru eskola garrantzitsuenetako abesbatzak bertaratuko dira Tolosara. Sekulako jauzia egin dute Asian, urte gutxian». Espinosak Indonesiaren garapen musikala azpimarratu du, abesbatzei begira, eta onartu du, batavia abesbatza Asiako onena iruditzen zaiola gaur egun.
Abesbatza musikaren mapamundia behar bezala osatzeko, epaimahian ere tradizio, eskola eta teknika horien ordezkariak izango dira, ostegunetik igandera, taldeen lana epaitzen.
Dena ez da, ordea, lehia izango, eta Tolosako 50. Abesbatza Lehiaketak lehiaz kanpoko hiru kontzertu ere izango ditu egitaraua. Lehena asteazken iluntzean izango da, Esloveniako Vokalna Akademija Ljubljana abesbatzaren eskutik; abesbatza lehiaketa bat irabazi duen ahots grabez osatutako abesbatza bakarra da, munduan.
Bigarren kontzertu berezia Tolosako eta inguruko taldeek eskainiko dute, African Sanctus kontzertu berezian: Hodeiertz, Oroith eta Loinaz abesbatzak Leidorren ariko dira, Enrike Azurzaren gidaritzapean.
Azkenik, Tolosako 50. Abesbatza Lehiaketa talde baten lehen pausoen lekuko ere izango da: igandean, Euskal Herriko Gazte Abesbatzaren aurkezpen kontzertua izango da, Esteban Urzelairen eta Isabel Manteconen zuzendaritzapean.
Tolosako 50. Abesbatza Lehiaketa. Egitaraua
Urriaren 27a, larunbata
19:00. Entsegu ireki eta kontzertua, Jordan Sramek eta Kea ahots taldearen eskutik, Jesuitinetako kaperan.
Urriaren 31, asteazkena
19:30. Lehiaketako inaugurazio kontzertua, Esloveniako Vokalna Akademija Ljubljana abesbatzaren eskutik. Aco Biscevic tenorea eta Breda Zakotnik piano jotzaileak ere parte hartuko dute, Sotajn Kureten zuzendaritzapean.
Azaroaren 1a, osteguna
16:00. Lehenengo lehiaketa saioa: Kinokai Youth Choir Kanami (Japonia), Kup taldea (Euskal Herria), The Ateneo Chamber Singers (Filipinak) eta Entrevoces (Kuba).
16:00. Bigarren lehiaketa saioa: I Vocalisti (Alemania), Landarbaso (Euskal Herria), Oreya (Ukraina) eta Batavia Madrigal Singers (Indonesia).
Azaroaren 2a, ostirala
19:00. Hirugarren lehiaketa saioa: Schola Cantorum (Norvegia), St. Jacobs Vokalensemble (Suedia), Mikrokosmos (Frantzia), The Salt Lake Vocal Artists (AEB) eta Kame Koris (Letonia).
Azaroaren 3a, larunbata
11:00. Laugarren lehiaketa saioa: Convivium Singers (Erresuma Batua), El Leon de Oro (Asturias) eta Kammerchor Saarbrücken (Alemania).
19:00. African Sanctus kontzertu berezia, Enrike Azurzaren zuzendaritzapean: Hodeiertz abesbatza (Tolosa), Oroith abesbatza (Ordizia) eta Loinaz abesbatza (Beasain).
Azaroaren 4a, igandea
11:00. 50. urteurreneko sari nagusia. Lehiaketa saioetan puntuazio altuenak eskuratu dituzten abesbatzen errepertorio berri bat abestu beharko dute, epaimahaiak erabakia hartzeko.
19:00. Euskal Herriko Gazte Abesbatzaren aurkezpen kontzertua, San Frantzisko elizan.