Tarteak zabalduz

Ataria 2018ko urr. 23a, 18:24

Irudian, Zubeldia.

Laugarren garaipena lortu du jarraian Tolosa CFren Ohorezko Erregional Mailako taldeak. Euskal Ligakoak ezin izan ditu hiru puntuak lortu Bizkerreren aurka.

Denboraldi hasieratik joko benetan ona erakusten ari da Tolosa, Erregional mailan. Arerio konplikatuen aurka emaitza onak lortu ditu, gol askoko garaipenak, eta erabateko sendotasuna erakutsi du etxean. Gauzak horrela, laugarren garaipena pilatu du jarraian.

Akaso ez zen azken jardunaldietako joko gustagarri hori ikusi, igandean, Berazubin. Baina hiru puntuek duela bi aste lortutakoen balio bera dute. Eta halakoetan, hobe hiru puntuak poltsikoratzea. Izan ere, ia neurketa osoa kontrolpean izan ostean, puntu bakarrarekin gelditzear izan ziren urdinak.

Lehen zatian bideratu zuen garaipena Tolosak. 18. minutuan Aierbek aurretik jarri zuen etxeko taldea, eta 37.ean Lekuonak bigarrena egin zuen. Etxeko lanak eginda zeudela zirudien, gol aukerarik sortu ez arren, erabateko kontrola baitzuen Avellanedaren taldeak: «Lehen zati ona egin genuen. Taldea asko ari da hobetzen, batik bat baloi gabe», dio entrenatzaileak. Baina ezin besoak jaitsi.

Partidaren azken hondarrera arte oiartzuarrek ez zuten apenas aukerarik izan. Zabaleta hirugarrena egitear izan zen, baina barkatu, eta 89. minutuan zorte txarreko jokaldi baten ostean Oiartzunen gola iritsi zen, Segurola baloia alderatzea zihoala, bere atean sartuta.

Agian gehiegitxo luzatu zuen partida epaileak, eta horrek sortutako urduritasuna baliatu zuten bisitariek presioa sartzeko. Eta izan zuen berdinketarako aukerarik: 94. minutuan falta jaurtiketa batek langan jo zuen. Eskerrak, 90 minutuz egindako lan txukuna zapuztuko zukeen-eta gol horrek.

Kontuak kontu, hiru puntuak etxean geratu ziren. Eta badoa tartea zabalduz. Sailkapenean laugarren postuan zen Oiartzun, eta horrela jarraitzen du, baina orain Tolosak –hirugarren– bost puntuko tartea zabaldu du. Deustu Donostiaren zelaian jokatuko du datorren astean.

Euskal Ligan, berdinketa

Bigarren berdinketa jarraian Euskal Ligako taldearentzat. Etxean Hernaniren kontra berdindu ostean, asteburuan Bizkerreren zelaian ere bana berdindu du Imanol Caveroren taldeak.

Irenek egin zuen lehen gola, baina bizkaitarrek berehala sartu zuten berdinketaren gola. Ezin, ordea, izandako aukerak baliatu bigarrena egin eta garaipena erdiesteko.

Hala ere, badute positibotik azken bi jardunaldietako emaitzek, sailkapenaren goiko postuetan baita oraindik Tolosa. Ezin ahaztu galdu gabe jarraitzen duen hiru taldeetako bat dela tolosarra. Aurkariak gertutik jarraitzea tokatzen zaie neskei, eta horretarako «lan gogorra» egingo dutela adierazi dute jokalariek.

Erlazionatuak

[Aulkitik] Lanean jarraitu behar

Erabiltzailearen aurpegia Patricia Larrarte 2018 urr 24 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!