Juan Jose Pacheco ertzainari omenaldia egin diote Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2018ko urr. 19a, 19:34

Urriaren 16an bete ziren 30 urte ETAk hil zuela. Juan Jose Pachecoren senide eta lagunez gain, besteak beste, Tolosako udalbatzako hainbat ordezkari eta Jonan Fernandez, Eusko Jaurlaritzako ordezkari moduan, izan dira omenaldian.

Euskal pizkundearen plazan izan da omenaldia. Minutu bateko isilunea egin ondoren, lore eskaintza egin dute bertan elkartu direnek, eta ondoren agurra dantzatzearen unea iritsi da. Azkenik, Rosa Pachecok, Juan Jose Pachecoren arrebak, hartu du hitza, eta oroitzea eta oroitzapenez hitz egitea "garrantzitsua" dela esan du, "senideen artean, familiaren artean, eta batez ere gure seme-alabekin. Horrela bakarrik ekidin ahalko ditugu iraganeko akatsak, eta lortuko dugu gizarte hobeago bat". Esandako hitzei txalo zaparrada batekin erantzun diete omenaldian elkartutakoek.

Senideen artean, Pachecoren Belen Martin alarguna eta Daniel semea izan dira, eta baita Puri Pacheco arreba ere. Omenaldian izan da, Eusko Jaurlaritza ordezkatuz, Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusia. Tolosako udalbatzako ordezkaritza zabala izan da bertan, Olatz Peon alkatea buru zela, eta hiru alderdietako zinegotziak izan dira, hau da, EAJ, EH Bildu eta PSE-EEkoak. Horrez gain, ETAren hainbat biktima izan dira bertan: Alberto Muñagorri, Gerardo Arin, Maixabel Lasa, Edurne Albisu, Manoli Urritegi eta Francisco Javier Gomez Elosegiren senideak. Ertzaintzaren ordezkaritza zabala ere izan da omenaldian, tartean Jose Agustin Larrinaga Aserfaviteko (Ertzain eta Terrorismo Biktimen Senideen Elkartea) ordezkaria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!