Errementari Kaleko apaingarriak kendu izana salatu dute dendariek

Ataria 2018ko urriaren 15a

Argazkia: Mauka

Udazkenean sartzearekin batera, Errementari Kaleko dendariek perretxikoekin atondu zituzten, joan den ostegunean, euren saltokien atariak. Asteburuan kendu egin dituztela salatu dute.

Errementari Kaleko saltzaileek kalea girotzeko eta atontzeko egindako lana zapuztu dute berriro ezezagun batzuk. Sanjoanetan Marionak puskatu zituzten; oraingoan, udazkenaren eta Mikologikaren aitzakian sortu dituzten perretxikoak kendu dituzte.

Urriaren 11n saltokietako sarreretan perretxikoak jarri zituzten, baina bi egun baino ez dute iraun. Giro Kaleko saltzaile batek sare sozialetan jakitera eman duenez, larunbat gauean guztiak kendu zituzten.

Gertakariak merkatari eta herritar zenbait haserretu ditu berriro ere: «mezu honen bidez gure haserrea, tristura eta dezepzioa adierazi nahi ditugu, Errementari kaleari bizia emateko egiten dugun lanaren aurrean jasotzen dugun errespetu faltarengatik. Guk egindako lana pikutara bidaltzen dute», aitortu dute Errementari Kaleko saltzaileek. Egileei ere galdera luzatu diete: «Horrenbeste eskatzea da dendariok Tolosako kaleak apaintzeko egiten dugun lana errespetatzea?».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!