Haserrea, Errementari kaleko 'Marionak' puskatu dituztelako

Ataria 2018ko ekainaren 18a

Errementari Kaleko Mariona txotxongiloa 15 konpainietako eskopetariz, bordondantzariz eta musikariz jantzi dute sanjoanak girotzeko asmoz. Kuadrilla Egunaren ostean, horietako asko puskatuta azaldu dira.

Hilabete hasieran zintzilikatu zituzten txotxongiloak Errementari Kalean. Bada, festetako lehen gauean horietako asko puskatu dituzte.

Haserrea eragin du horrek, bertako dendariengan, bereziki. Sare sozialetan mezu ugari idatzi dituzte herritarrek, gertatutakoa gaitzetsiz. «Pena eta amorrua sentitzen dugu Errementari Kalekook. Astebururo gertatzen dira horrelakoak lan eta esfortzu askorekin egiten ditugun apaingarriekin. Beti kanpokoei botatzen zaie errua, baina noiz arte jarraitu behar dugu argumentu hori eusten?», dio Xabier Moyua dendariak.

Topic zentroko zuzendari Idoya Otegik ere pena sentitzen duela adierazi du sare sozialetan: «Tamalez ezer errespetatzen ez duen gazteria dugu. Sentitzen dut egun askoz ilusio bereziarekin lanean aritu diren dendari horiengatik. Non daude lotsagabe eta ganberro horien guraso eta hezitzaileak?».

Kuadrilla Eguneko antolatzaileek ere erasoa gaitzetsi dute: «Onartezintzat jotzen dugu erasoa, eta elkartasuna agertu nahi diegu kalea apaintzeko lanean aritu direnei».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!