1969an ekin zion, bideari, Tolosako Abesbatza Lehiaketak eta, hamarkadaz hamarkada, erreferentziazko lehiaketa bilakatu da nazioartean. Urrezko urtemuga du aurten, eta 50. lehiaketa Madrilen aurkeztu dute Tolosako Ekinbide Etxeak, Tolosako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Horrela, gaur bertan kontzertua eskainiko du KUP taldeak, Madrilen bertan.
Aurkezpen agerraldia Eusko Jaurlaritzaren Madrilgo Ordezkaritzan izan da, eta egitaraua plazaratu dute, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak; Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo eta Kiroletako diputatuak; Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkateak; Julián Lacunza Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakariak; eta Luismi Espinosa Tolosako Abesbatza Lehiaketako zuzendariak.
Besteak beste, TEE eta abesbatza lehiaketa zoriondu dituzte ordezkari politikoek, eta nabarmendu dute, 50 urtean 1.200 abesbatza pasatu direla, guztira, Tolosako lehiaketatik.
Aurten, urtemuga berezia dela-eta, lehiaketako abesbatza parte hartzaileak hautatuak izango dira: I Vocalisti (Alemania), Kammerchor Saarbrücken (Alemania), Entrevoces (Kuba), El Leon de Oro (Espainia), Salt Lake Vocal Artists (AEB), Kup Taldea (Tolosa), Landarbaso Abesbatza (Errenteria), Ateneo Chamber Singers (Filipinak), Mikrokosmos (Frantzia), Batavia Madrigal Singers (Indonesia), Kinokai Youth Choir 'Kanami' (Japonia), Kamer Koris (Letonia), Schola Cantorum (Norvegia), The Convivium Singers (Erresuma Batua), S.T. Jacobs Vokalensemble (Suedia) eta Oreya (Ukrainia).
Epaimahaia Enrike Azurzak, Nadezhda Averina, Gary Graden, Stojan Kuret, Peter Phillips, Jordan Sramek, Maris Sirmais eta Shin-Hwa Parkek osatuko dute.
Tolosako Abesbatza Lehiaketaren webgunean informazio xehatua dago eskuragarri.